Jon ORMAZABAL
PILOTA

Aurkariak idortzen segitzendu Aimar-Rezusta bikoak

Hasiera-hasieratik lortu zuten partidaren agintea eta Urrutikoetxea eta Imazi lan egitea tokatu zitzaien

Oraingoz ez dute inor euren jokoarekin txunditu, baina Aimar Olaizolak eta Beñat Rezustak lehen itzulian euren enpresako bikoteen aurka jokatu beharreko partida guztiak irabazi dituzte, azken honetan Mikel Urrutikoetxea eta Ander Imazi 22-11 gailenduta. Gaizkile ankerrenek bezala, zarata handirik atera gabe, Goizuetakoak eta Bergarakoak euren biktimak gogaitzen, idortzen, jarraitzen dute, kantxan eroso egoteko inolako aukerarik eskaini gabe eta euren bidean aurrera eginez.

Ezer gutxi eginda, apenas 9 pilotakada jota, lortu zuten markagailuaren kontrola bereganatzea (3-0) eta nahiz eta hurrengo tantoan 113 jota urdinek euren lehena lortu, gorrien nagusitasuna ez zen inoiz zalantzan izan. Oraindik aurkariak txikitzen dituen jotzaile handia izatera itzuli ez den arren, Beñat Rezusta beti da aurkari deserosoa edozeinentzat eta Ander Imaz gogor lan egitera behartu zuen, asko kosta zitzaion partidan sartzea eta dezente sufritu zuen, bere tokia aurkitu ezinda. 

Aimar Olaizolak ez du ohitura handirik halako atzelari jotzaile batekin jokatzen, baina ederki moldatu da egoerara, bergararrari utzi zion bikotearen pisua eta bere aukeren zain geratu zen, gehienetan asmatu eta akats gutxi eginez, gainera. Mugimenduetan bizkorrago sumatu genuen arren, Mikel Urrutikoetxea ez da oraindik erabat jarri aurreko koadroetako jokora eta ezin izan zion Ander Imazi behar zuen laguntza guztia eman. Tarteka erremate politen bat sartu bazuen ere, Zaratamokoa ez zen gai izan partidaren erritmoa alda zedin ezer egiteko eta partida dezente gogortu eta luzatu zen, baina bere joera aldatzeko modurik gabe.

Lanik ez zen falta izan

Hori bai, Urrutikoetxea eta Imazi ez dago lanik egin ez izana eta partida botatzea leporatzerik. Partida oso maldan gora jarri zitzaien arren, lehen atsedenaldi luzera 12-4 joan ziren gorriak aurretik, lanari eta saiatzeari ez zioten muzin egin eta ekinean jarraitu zuten, nahiz eta une bakarrean ere ez zuten aurkariei min egiten asmatu.

Gainera, sendotasuna, akatsik apenas egitea, da Binakako Txapelketa honen liderren ezaugarririk nabarmenetakoena eta hortik ere laguntza gutxi heldu zitzaien urdinei, Olaizolak eta Rezustak apenas egin baitzuten oparirik, –3 pilota galdu zituzten denera–. Bizkaitarrak eta Gipuzkoarrak, aldiz, denera 11 huts bildu zituzten –Urrutikoetxeak urrutitik sartu behar izan zuen eta Imazi lana pilatu zitzaion– eta garaipena gero eta urrutiago ikusten joan ziren, nahiz eta azkenerako jarraian hiru tanto lortuta markagailua nolabait txukuntzeko gai izan ziren.

Txapeldunak, zulotik irten nahian

2020ko azken hilabeteetan banatu ziren hiru tituluetatik hiru txapeldun –Jaka, Ezkurdia eta Martija– bilduko ditu gaur Eibarren jokatuko den partidak, baina hirurei kirolaren alde iluna ikustea egokitu zaie 2021eko Binakako honetan, sailkapenaren zulotik ihes egiteko partida jokatuko baitute Jaka-Martijak eta Ezkurdia-Ladis Galarzak.

Bien zakuan punturik ageri ez den arren, azken jardunaldiak biharamun leunagoa utzi zien Lizartza eta Etxeberriko pilotariei, hobekuntza zantzu argiak ikusi baitzitzaizkien Elezkano eta Zabaleta bezalako bikote indartsu bati lanak emanda.

Bikote nafarra, ordea, garaipenetik oso urrun geratu zen jokatutako bi partidetan eta emandako irudia errotik aldatu beharko dute lehen puntua eskuratu nahi badute. Hori bai, gaur ez dute parean atzelari jotzaile bat izango eta horrek gauzak zertxobait erraztuko dizkie Ezkurdia eta Ladis Galarzari. J.O.