Andoni ARABAOLAZA
PROTAGONISTA

Jesse Dufton eskalatzaile itsuak artesi historiko bat igo du

Eskalatzaile ingelesak «Forked Lightning Crack» bidea (6b+) bistan eskalatu du; hots, estilo horretan egin duen bide gogorrena da.

Eskoziako Hoy uhartean altxatzen den orratzak sona handia du ingurumari hartan eskalada tradizionala praktikatzen duten eskalatzaileentzat. Pinakulu horri Old Man of Hoy deitu zioten, eta garai bateko eskalatzaile historikoek xede izan zuten. Egun, berriz, asko igotzen da, eta 2019. urtean Jesse Dufton itsuak egin zuen eskaladak ahoa bete hortz utzi zuen kolektiboa. Gainera, ospe handiko Alastair Lee zinema zuzendariak Duftonen eskalada grabatu eta areto nagusietara eraman zuen. Mendi zinemaldietan, adibidez, makina bat sari irabazi ditu.

Modu batera edo bestera esanda, dokumetal horrek protagonista honi hedabideen lerroburuetara salto egiten lagundu zion. Behin baino gehiagotan agertu dira eskalatzaile honen jarduerak lerrootan, eta, jakina, bada azpimarratu beharreko beste bat. Hain zuzen ere, joan den urtean sinatutakoa. Heptonstallen (Ingalaterra) dagoen “Forked Lightning Crack” bidea eskalatu zuen. Itsua denez eta hitz joko bat erabiliz, eskalatzaileak berak adierazi du E2 zailtasuna (gure eskalan 6b+ maila da) duen marra hori non-sight estiloan eskalatu duela. Itsua ez den eskalatzaile batentzat on-sight edo bistan izango litzateke.

Gainera, igo duen artesi zabal horrek badu kutsu berezi bat; izan ere, lehen igoera lortu zuena Don Whillans eskalatzaile ingeles historikoa izan zen. Goi mailako jarduera hori bukatu bezain laster, Duftonek honakoa azaldu nahi izan zuen: «2020. urtean egin dudan eskalada onena izan da; oso harro sentitzen naiz eginiko eskalada horrekin. ‘Forked Lightning Crack’ inoiz egin dudan bide gogorrena da! Ikuspenik gabe eta lehen ekinaldian marra hori igotzea sinestezina izan da! Hori gutxi ez, eta Don Whillansek esaten zuena beti izan dut gogoan: ‘2. mailako beldurtientzako bidea da; hau da, eskalatu aurretik bi zigarro lasaigarri erre behar dira’. Zalantzarik gabe, covid-19ak denboraldia izorratu digu. Baina oso kritikoa den nire pentsamoldearekin asmatu egin dut».

Oreka bilatu

Protagonistak berak aitortu duenez, joan den urtea berezia izan da oso. Koronabirusaren ondorioz makina bat helburu bertan behera utzi behar izan zituen; besteak beste, Munduko Paraeskalada Kopa. Hala ere, eskalatzaile ingelesak tartea atera du hain gustuko duen trad estiloan, alegia, eskalada tradizionalean buru-belarri jarduteko.

“Forked Lightning Crack” izan da, beraz, orain arte bistan eginiko bide zailena. Eta aurreratu du Charlie izeneko kide batek artesi hori igotzera animatu zuela: «Bide horren inguruan ez nuen inoiz ezer entzun, baina Charliek eginiko proposamena erabat zuzena izan zen. Nire ezaugarrietarako marra hori oso aproposa da. Hura jarraitzeko agerikoa denez, ez nuen galtzeko arazorik izan. Beste bide batzuetan ez bezala, hatzentzat zein oinentzat ez dira helduleku txikiak aurkitu behar. Egin behar den bakarra da artesi horretan eskuak ondo finkatu eta Whilliansen adoreari jarraitu. Ohi den bezala, nire bikotekide Mollyk segurtatu ninduen. Lehen heldulekuak bilatzen lagundu zidan, eta segituan ohartu nintzen artesi hau oso tentea dela; ez nuen uste hain bertikala zenik. Lehen mugimenduak egin nituenean lasaitzen hasi nintzen, eta lehen friendak jarri nituenean erabat erlaxatu nintzen. Burua ondo kudeatzea da gehien erakartzen nauena, eta jarduera horretan asmatu nuen. Egoera kontrolpean badut, askoz ere eraginkorragoa naiz, eta horrek laguntzen nau ondo eskalatzen».

Aurreneko mugimenduak egin ondoren, Duftonek aukera izan zuen artesiaren barruan lehen camalot-a era horizontalean jartzeko. Aipatu duenez, horrek segurtasuna eta lasaitasuna eman zizkion: «Eskua barruraino sartu nuenean, ohartu nintzen kokaleku on bat aurkitu nuela. Eta garbi nuen ere gailu hori ez zela aterako. Burua lasaitu ondoren, egin behar nuen bakarra ondo eskalatzea zen. Batzuetan gertatzen zait zailtasunak izaten ditudala neure burua babesteko erabiltzen dudan tresneria jartzeko. Eta horrek asko nekatzen du. Baina artesi horretan ez dut arazorik izan; arestian aipatu dudanez, oso agerikoa delako».

“Forked Lightning Crack” bidearen giltza gainditzeko ez zuen eragozpen handirik izan. Protagonista honek dio ondo baino hobeto estutu zuela oso urrun dagoen hurrengo helduleku onera heltzeko: «Eskuarki, mugimenduen inguruko nire memoria oso nahasia izaten da; kosta egiten zait sekzio gogorrenean dauden mugimenduak gogoratzea. Gogoratzen dudana da mugimendu batzuetan oreka galdu nuela. Itsua zarenean, oso desatsegina da itsumustuka ibiltzea. Izan ere, niretzat ezinbestekoa da oreka egoki bat lortzea. Lehen tarte bertikal hori gainditu ostean, bigarrenean sartu nintzen. Mugimendu batean kolpe handia hartu nuen belaunean; galtza motzak nituen eta min hartu nuen. Metro horietan sekuentzia aurkitzea ez zen batere erraza izan, eta korapiloa askatzen segundo batzuk eman nituen. Entrenamenduetan erdietsitako erresistentziari esker handik onik atera eta erlaitzera iritsi nintzen. Hortik aurrera estiloarekin eskalatu nahi nuen baina, azkenean, segurtasuna bermatzea erabaki nuen; izan ere, eroriko txar bat saihestea zen helburu nagusia».

Amaitzeko, Duftonek aipatu du “Forked Lightning Crack” igotzeak bere ibilbidea indartu duela: «Ben Bransby kidearekin izaniko elkarrizketa batean aipatu genuen nortasun horretako bideak eskalatzeko une egokia bilatu behar dela. Benek esaten zidan inoiz ez dagoela une perfekturik. Hitz horiek neure buruan bueltaka egon ziren. Azkenean, marra horretara inolako presiorik gabe joatea erabaki nuen. Mollyk bidearen nondik norakoak azaldu zizkidan, eta sentitu nuen lehiaketetan izaten dudan ‘bisualizazioaren’ antzekoa izan zela. Eskalatu behar nuen artesi hori neure buruan eraiki behar nuen. Eta mugimendu guztiak erorikorik gabe lotu nituen».