EDITORIALA

Davoseko Foroa, krisi sistemikoaren ispilu

Urtarrilean ohi denez, Davoseko Munduko Ekonomia Foroa izango da aste honetan. Aurten ez da aurrez aurrekoa izango, baina klub kapitalista horrek ezin zuen munduko agenda ekonomikoa eta lehentasun politikoak markatzeko aukera alde batera utzi. Davoseko Foroa lankidetza publiko-pribaturako topaleku gisa definitzen da, baina praktikan sektore pribatuak sektore publikoaren lehentasunak finkatzen ditu. Hortaz, garrantzitsua da bertan izaten diren eztabaidei eta foroak osatzen dituen txostenei begiratu bat ematea.

Nazioartearen lidergoan jarduteko bokazio hori gero eta gehiago baldintzatzen dute, batetik, Mendebaldeko potentzien gainbeherak eta, bestetik, Txinaren eta gorabidean dauden beste herrialde batzuen hazkundeak. Hain da horrela, aurten Xi Jinping Txinako presidentea izan baita ekitaldia inauguratzeko gonbidatua. Bere hitzaldian, lankidetzaren, elkarrekiko onuraren eta bake-bizitzaren alde egin zuen. Xiren iritziz, horretarako beharrezkoa da aurreiritzi ideologikoak alde batera uztea eta herrialde bakoitzaren desberdintasun historiko, kultural eta sozialak errespetatzea. Mendebaldean lehiakortasunari eta onura pribatuari buruzko ohiko diskurtsoaren kontrakoa. Eta, gainera, lankidetzarako dei hori ezin hobeto egokitzen zaio elkarlanera behartzen duen pandemiaren egungo testuinguruari.

Edozein kasutan, pandemiak Mendebaldeko eredu liberalak arrastaka zeramatzan ahuldadeak agerian utzi baino ez du egin. Geldialdi ekonomikoak, desberdintasun sozialen handiagotzeak eta klima larrialdia areagotzeak krisi sakon bat dagoela erakusten dute. Nazioarteko hainbat instituzio ekonomiko dogma neoliberalak berrikusi beharra dagoela planteatzen ari dira. Oraingoz, ahots bakan batzuk besterik ez dira izan. Ikusteko dago Davoseko foro honetan kritika horiek areagotzen diren ala ez, eta gaur egungo doktrina liberalaren krisiaren aurrean zer motatako ideiak eta alternatibak proposatzen dituzten.