GARA
Gasteiz

Bi atxilotu eta hainbat zauritu Gasteizen, etxe okupatu bat hustean

Pertsona talde handi bat bildu zen atzo goizean Gasteizko Los Herran kaleko 15. zenbakiaren inguruan, eraikin horretan bizi diren pertsonak kanporatzeko agindua salatzeko. Alea hedabide digitalak jakinarazi zuenez, abuztuan okupatu zuten hamar urte baino gehiago hutsik zeramatzan eraikin hori.

Etxebizitza Sindikatuak gaitzetsi zuen hamabost lagun kalean utzi nahi dituztela, bizileku alternatiborik eskaini gabe.

Goizetik aurrera, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren agente kopuruak gora egin zuen, eta bizilagunen kanporatzea ekiditeko elkartu ziren pertsonen kontra oldartu ziren. Pertsona horiek eraikinaren sarreratik aldendu ziren, Etxebizitza Sindikatuak bere sare sozialetan zabaldu zuenez.

Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi zuten bi atxiloketak 14.00ak baino lehentxeago gertatu zirela, hiru ordu baino gehiago iraun zuen eta ehun pertsona inguruk parte hartu zuten elkarretaratzearen ondoren.

Tentsio nabarmena

Kaleratzea eragozten saiatzen ari zen jende-oldearekin tentsioa nabarmena zen, eta Udaltzaingoak Ertzaintzari laguntza eskatu, eta istiluen aurkako agenteak bertaratu ziren. Etxebizitza Sindikatuak salatu zuenez, ertzainek bildutako jendearen aurka jo zuten eta hainbat lagun zauritu zituzten. Zaurituen irudiak nahiz agenteen ekintza agertzen zuten bideoak igo zituen bere Twitter kontura.

Era berean, etxe barruan kaleratzea galarazten ari ziren pertsonen kontra ere oldartu ziren agenteak.

Kanporatzearen ondoren bi pertsona atxilotu zituzten, bertsio ofizialaren arabera polizia-lana galaraztea leporatuta.