GARA
MENDIA

Alex Txikonek Manasluko bigarren kanpamenturainoko ekipatze lanak hasi nahi ditu gaur bertan

Lau orduko igoera eta «esfortzu handia» egin eta gero, Alex Txikonek eta bere taldeak Manaslu mendiko lehen kanpamentuan (5.800 metro gutxi gorabehera) pasa dute gaua. Mendizale lemoarrak atzo adierazi zuenez, material asko igo zuten. «Jipoi handia izan da iritsi eta den-dena muntatu behar izatea. Sekulako hotza egiten du, 20 gradu zero azpitik, baina ondo eta oso animatuta gaude. Eguraldiak laguntzen badigu, datozen egunetan gora egiten jarraitu ahal izango dugu», azpimarratu zuen Txikonek.

Lehenago oztopo handi bat gainditu beharko dute: lehen kanpamentuaren eta 6.500 metro ingurura jarriko duten bigarren kanpamentuaren arteko «pitzadura handi, itsusi eta korapilatsu» bat, alegia. «Hiru eskailera igo ditugu, baina gehiago ere igo beharko ditugu pitzadura pasatu ahal izateko», adierazi zuen irratiz mendizale lemoarrak.

Aurreko astean izandako ekaitz batek eragindako haizearen, hotzaren eta elurraren ondorioz, bigarren kanpamentua aldez aurretik prestatzeko nahia ez zuten betetzerik izan mendizaleek. Hori bai, eguraldia alde dute orain: «Uste baino haize gutxiago dugu eta aurrera egin ahal izan dugu. Ea hurrengo orduetan denak berdin jarraitzen duen. Gaur [atzo] gaua lehen kanpamentuan igaroko dugu eta eguna argitu eta berehala berriro martxan jarriko gara bigarren kanpamenturainoko ekipatze lanak egiten saiatzeko». Eskailera gehiagoz gain, Txikonek gas kartutxo batzuk, «handi horietakoak», eta irratientzako bateriak ere beharko dituztela aurreratu zuen.

Bizkaitarraren eta bere taldearen asmoa Manasluren gailurra (8.163 metro) neguan zapaltzen lehenengoak izatea da.