Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
GAURKOA

Herritarren datuen erabilera eta herri erakundeak

Hamarkada bat baino gehiago igaro da tresna digitalak gure bizitzako arlo guztiak iraultzen hasi zirenetik. Artean, ezin irudika genezakeen digitalizazioak duen eraldaketarako gaitasuna. Eraldaketa ez baita hutsala izan. Alderantziz: disruptiboa izan da. Eta hamarkada bat beranduago, oro har, herritar digital gisa ikus genezake gure burua. Badakigu datu hartzaile aktiboak garela. Badakigu tresna digitalen bitartez egunero jasotzen dugun datu eta informazio kantitateak izugarrizko bolumena duela. Nago, ordea, ez dugula berdin barneratu datu hartzaile bezain sortzaile garela. Konturatu gabe ere egiten dugulako, ziur aski: datuak modu aktiboan zein pasiboan sortzen ditugulako; maila indibidualean zein kolektiboan; eta datuen sorkuntza esponentzialki hazten ari da egunero.

Masiboki sortzen ditugun datuak masiboki azter daitezke. Horretarako dago Datuen Zientzia. Deitu big data edo data analytics (hiru kontzeptuak ezberdinak dira, baina hemendik aurrera Big Data deituko diot). Honek guztiak, halabeharrez, datuen gobernantzaren eta erabileraren gaineko auzia dakar berarekin. Eta hau ere ez da hutsala: herritar digitalok sortzen ditugun datuak norenak dira? Zer aztertzeko erabili ahal dira? Non sortzen dute balioa? Eta zer dute esateko eta egiteko herri erakundeek auzi honetan guztian? Herri erakundeen rola gutxienez bi ertzetatik azter daiteke. Bata, herri erakundeek egiten duten edo egin dezaketen datuen erabilera, zerbitzu publikoak hobetze aldera. Bestea, herritar digitalon datuen jabetzaren eta burujabetzaren gainean duten zeresana, jabetza eta burujabetza hori herritarrona izango dela bermatzeko.

Asko dira sektore publikoan Big Data erabiltzeak duen potentzialitateaz mintzo diren azterketak. Horrexegatik, ziur aski, gobernantza publikoari balioa erantsiko diola espero da. Baina oso gutxi esploratu dela ere argudiatzen da (Arnaboldi & Azzone, 2020). Duen potentzialitateaz baliatzeko, sortzen dituen erronkei ere neurriko erantzuna eman behar zaielako, ziur aski. Ez delako hain sinplea, alegia. Europar Batzordearentzat Deloitte-k 2016an egindako txostenean agertzen dira zenbait adibide, garraioa, osasuna edota hezkuntzan Big Dataren aplikazioan esperimentatu dutenak (“Big Data Analytics for policy making”, https://labur.eus/EB_Big_Data).

Big Data gisako prozesuekin informazio garrantzitsua lor daiteke, herritarren beharrak ezagutu, jakintza sortu, eta erabaki berritzaileak hartu. Hortaz, ebidentzietan oinarritutako politikak definitzen lagun dezake. Baina ez da hain sinplea, ez. Datuen bolumen eta aniztasunagatik, datuen kudeaketa osoa konplexuagoa bilakatzen da: Big Data-ren erabileraren eskutik herritarren pribatutasunari, datuen segurtasunari eta datu horien jabetzari lotutako erronkak datoz.

Pribatutasunarekiko konpromisoak eztabaidaezina behar luke: herri erakundeek herritarren pribatutasuna bermatzeko ardura dute. Eta herritarrek konpromiso horretan konfiantza dutela ziurtatu behar da: datuen erabilerak eta erakunde ezberdinen artean partekatzeak ez duela, inola ere, euren pribatutasuna urratuko, alegia. Ildo berean, datuen segurtasuna ziurtatu behar da. Eta zein dira datuen jabetzari lotutako erronkak? Herritarren datuak aktibo garrantzitsua dira herri erakundeentzat. Eta herri erakundeek datuen jabetza sortzen dituen herritarrarena dela ziurtatu behar dute. Eta hori ere ez da hain sinplea: datuen kontzepzioa aldatzea ezinbestekoa egiten du.

Bartzelona eta Amsterdam datuen kontzepzio hori lantzen ari dira Decode proiektuaren barruan, Horizon 2020 Europar Batasuneko ikerkuntza eta berrikuntza programaren baitan (https://decodeproject.eu). Euren azterketa baten arabera, herritarren %73 datu pertsonalak partekatzeko prest leudeke, zerbitzu publikoak hobetzeko erabiliko balira, eta modu sinple eta seguru batean egin ahalko balitz. Iparrorratz horrekin, pribatutasunaren erronkari eta balioa herritarrei itzultzeko beharrari erantzun nahi diote. Datuak, nolabait, «azpiegitura publiko» gisa ulertzen dituzte, elektrizitatea, ura eta garraio azpiegituren gisan. Horretarako teknologia aurreratua garatzen ari dira, datuak modu deszentralizatuan gordez eta datuen jabetza eta burujabetza sortu dituztenen eskuetan utziz: herritarrek zein datu, norekin eta zein arauen arabera partekatu nahi dituzten erabaki ahal dezaten. Funtsean, bakoitzak kontrolatzen ditu bere datuak, eta zerbitzu publikoak hobetzeko eta balioa jendartera itzultzeko erabili ahalko dira.

Horri, era berean, kolektibitatea gehitzen diote, herritar baten datuek, modu isolatuan, balio mugatua baitute. Baina herritarren datuak elkarren artean konbinatu eta gurutzatzen direnean, potentzialitatea esponentzialki hazten da. Hortaz, datuen kontrola pertsonala eta kolektiboa dela ulertzen dute, datuen gobernantza gardena, arduratsua eta parte-hartzailea ziurtatzen duten bitartean. Decodek argi du: herritarrek sortutako datuak herritarrenak dira eta egun datu horiek duten balio ekonomiko neurtezin hori herritarrengana itzuli behar da. Are gehiago, udalerri/hiri, nazio/estatu eta Europa mailan garatu daitekeela diote (eta gomendioak ematen dituzte maila bakoitzerako). Bat aipatzearren: kontratazio publikoetan datuen burujabetzari buruzko klausula berriak aplikatzea proposatzen dute, zerbitzu publikoetan erabilitako datuak herritarrenak izan daitezen. Gogoan hartzeko proiektua da Decode.

Big Datak ebidentzietan oinarritutako politikak garatzen lagun dezake. Zerbitzu publikoak hobetzen. Betiere pribatutasuna urratu gabe eta datuen segurtasuna bermatuz. Eta datuen gobernantza eredua lantzea ere eskatzen du, herri erakundeek herritar digitalek aktiboki eta pasiboki sortutako datuen balioa herritarrengana itzultzea berma dezaten. Bidea ibiltzen egiten da. Eta norabidea argi izatea garrantzitsua da beti.