GARA
GASTEIZ

Memoria eta zaintza sistema publikoaren aldeko aldarria batuko dituzte sindikatuek aurtengo Martxoaren 3an

ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek, “Zaindu gintuztelako, zainduko ditugu” lelopean, mobilizazioa deitu dute martxoaren 3rako, Gasteizen. Aurten, 1976ko gertakariak gogoratzeaz gain, zaintza sistema publiko baten alde egingo dute.

«45 urte geroago, oroimenak bizirik dirau Gasteizen, belaunaldiz belaunaldi pasatuz justizia sozialaren, antifaxismoaren eta klase-borrokaren balioak, frankistek iruditeria kolektibotik ezabatu nahi izan zituztenak», azpimarratu dute.

Lemaren bitartez, zaintza-lanetan jarri nahi dute arreta, «funtsezkoak baitira bizitzari eusteko, covid-19aren pandemiak erakutsi duen bezala. Baina kapitalismo heteropatriarkalak prekaritatera eta esparru pribatura baztertu ditu».

Zerbitzu publiko «gehiago eta hobeak» sortzea premiazkoa dela diote. «Hobekuntza horien alde, zerbitzuetako langileak, gehienbat emakumeak eta, askotan, emakume migratuak, pandemiaren hasieratik ari dira borrokan. Osasun krisiak agerian utzi du azken hamarkadetan pairatu ditugun gobernu neoliberalen utzikeria eta erantzukizun falta».

Martxoaren 3ko biktimen elkartearen omenaldia 18.00etan egingo da izen bereko plazan, eta manifestazioa 18.30ean abiatuko da bertatik, Foru Plazan amaituz.

Azkenik, ELA, LAB, ESK eta Steilas haserre agertu dira San Frantzisko eliza oroimen zentro bihurtzeko prozesuarekin. «Aldebakarreko prozesua da, eta ez du euskal gehiengo sindikalak parte hartu. Propaganda politikoko ekintza dela uste dugu; izan ere, prozesu honetan parte hartu duten administrazioak berak dira langileen eskubideak egunerokotasunean gaitzesten dituztenak», kritikatu dute sindikatuek.