Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren lokatzak

Pertsonen lokatzak. Hainbat aldiz aipatu didate lokatzetan sartzeko, basaz idazteko, lokatzak garbitzeko, gardentasunez esateko musikaren azpimunduan gertatzen dena. Besteen zikinkeriei haizagailua jartzeko prozesua norberarenarekin hastea da garbiena. Anekdotak tonatan, baina basa horiek ez ditugu bidaliko Usurbilgo erraustegira, erraustegia bera ez dudalako funtzionamenduan nahi.

Dena isilpean gordetzeko sistemaren estrategiarik lotsagarriena da esatea arropa zikina etxean garbitzeko, baina guri erraustegia egin digute esanez geuk sortutako zikinkeria garbitzeko dela. Etxe bakoitzean hasiko bagina era ekologikoan egiten gauzak, ez genuke erraustegiaren beharrik izango.

Lokatz kultural-ekonomikoa. Doctor Deseoren “Corazón de tango” abestiak oraindik ez zuen eztanda egin; diskoa argitaratu eta lau urtera “Egin” egunkariak bilduma-promozioan saldu zituen 20.000 ale; horrek ekarri zion abestiari duen klasiko itxura, inoiz ez lehenago. Baina promozioaren aurretik hitzartutzat jo nuen laugarren diskoa, eta ezezkoa eman behar izan nion aurrekontuak ez zituelako onartu gerora Elkar-Oihukak. Francisek izugarrizko errieta bota zidan. Grabaketa estudioko atearen aurrean zegoen taldea, jukutriatzat hartu zuen erabakia, alimaleko haserrearekin. Bost disko geroago adiskidetu ginenean beste bederatzi disko kaleratu ditut Francisekin. Maitekiro gogorarazten dit pasartea bi urtetik behin, jendaurrean edo intimitatean. Maite ditut maite gure zikinkeriak, lanbroak ezkutatzen ez dituenean.