GARA
HERNANI
NAIZ Kontzertuak

NAIZ Kontzertuak, kulturak ez duelako atsedenik behar

Hiru egunez jarraian, NAIZ Kontzertuek hartu dute Hernaniko kiroldegia. Iaz bezala, pandemia garaiotan kulturarekiko konpromisoa erakutsi eta musikariei oholtza bat eskaini nahi izan zaie eta, maila emanez, kontzertu gogoangarriak eskaini dizkigute Skakeitan, Brigade Loco, Des-Kontrol eta Zea Mays taldeek.

Urtarrilean, uneko osasun egoera larriarekiko arduraz jokatuz, Hernaniko kiroldegian egitekoak ziren NAIZ Kontzertuak atzeratzeko erabakia hartu zen. Unean iragarri bezala, egoerak onera egin bezain laster berrartu da proiektua, gure musikariekiko eta haien atzean dauden profesionalekiko konpromisoa berretsiz.

Hala, ostiraletik igandera bitartean, Skakeitan, Brigade Loco, Des-Kontrol eta Zea Mays taldeek kontzertu bana eskaini digute Hernanin eta, beste behin ere, agerian geratu da kultura eta musika bizirauteko oinarrizkoak zaizkigula.

Bertatik bertara jarraitu dituzte kontzertuak zaleetariko batzuek eta dozenaka izan dira, baita ere, musikarien ikuskizunak etxetik jarraitzeko aukera izan dutenak, kalitatezko streamingari esker. Kulturak, gaur-gaurkoz, ez duelako atsedenik hartu nahi.