GARA
BILBO

Itxialdian sortutako eskulturek bizitza hartuko dute Loraldian

Garazi Etxabururen dantza garaikideak eta Jose Pablo Arriagaren eszenografia artistikoak bat egingo dute gaur Bilboko jaialdian, «Oihalezko teilatuak» ikuskizunean. Eskulturek bizitza hartuko dute.

Loraldia Bilboko kultur jaialdiak aurrera darrai eta gaur, “Oihalezko teilatuak” ikuskizuna izango da protagonistetako bat. Garazi Etxabururen dantza garaikidea eta Jose Pablo Arriagaren eszenografia artistikoa batzen ditu ikuskizunak eta begirada berritzailea eraikitzea du xede. Loralditik aurreratu dutenez, Pablo Arriagaren argazkietan «oihalen azpiko bizitza» islatzen da: «Mina, hotza, jolasa, poza... konfinamenduan sortutako emozioak, hain zuzen». Garazi Etxaburu, berriz, dantzaren bidez sentimendu horiek hurreratzen saiatuko da.

Oholtzan, tamaina handiko bost argazkik oihal bat osatuko dute, oinaze garaiko estalpea sinbolizatuz: «Bizitzarentzako zirrikitu inprobisatu bat».

Loturak

«Norberaren egoera ezberdina izan arren, badago lotura bat gure artean: elkartzen gaitu desgraziaren aurreko ezintasunak, zaurgarri izatearen kontzientziak», aipatu dute Loralditik. Hori nabarmendu nahi du, hain zuzen, “Oihalezko teilatua” emanaldiak: «Denok daukagula orain aterpe behartu bat, kanpamentu bat, behin-behineko babes bezain itxitura bilakatu zaiguna».

«Argazkietan oihalen azpiko bizitza islatzen da, bertako pertsonek sentitutakoa. Toldo zuria memoriadun azal fin eta hauskor bat balitz bezala, bizipenak xurgatu eta zimurren bitartez hitz egiten diguna», zehaztu dute antolatzaileek.

Ikuskizunak 35 minutuko iraupena du, eta, adin mugarik gabe, interesa duen edonori zuzenduta dagoela nabarmendu dute Loralditik.