GARA
DONOSTIA

Gaixo dauden presoak askatzeko eskatu dute Osasunaren Egunean

Atzo, Osasunaren Nazioarteko Eguna izanik, Sarek eta Etxeratek gaixo dauden presoak aska ditzatela eskatu zuten beste behin. 17 euskal presok gaitz larriren bat pairatzen dute, egun, eta espetxean ez dituztela artatuak izateko baldintza egokiak gogorarazi dute.

Osasunaren Nazioarteko Eguna zen atzo eta, horren harira, gaixo dauden presoak askatzeko aldarrikatu zuten beste behin ere Sarek eta Etxeratek.

Gauzak horrela, «espetxe politika gizatiartzeko pausoak eman behar direlarik, gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso politikoak berehala askatzeko eskatzen dugu beste behin, duten gaitza baldintza duinetan artatzeko, haien senideen ondoan, eta haien osasunaren eskubidea errespetatua izan dadin», adierazi zuen Etxeratek komunikabideei igorritako oharrean.

«Modu berean, haien osasuna sustatua eta babestua izan dadin pertsona guztiek duten eskubidea berretsi nahi dugu, eta handiagoa da preso diren pertsonen osasunarekiko erakunde publikoek duten ardura. Izan ere, espetxe erakundeen instalazio publikoen barnean, espetxeetan, kolektiboki giltzaperatuak daude eta mugatuak dituzte mugimenduak», gaineratu du Etxeratek.

Horregatik, beste behin ere, deia egin die Etxeratek Lakuako Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren Osasun sailei eta Estatu espainol eta frantseseko Osasun ministerioei, «minutu bakar bat ere galdu gabe, sar ditzaten presoak covid-19aren kontrako txertaketarako lehentasunezko taldeetan eta abian jar ditzaten espetxeetako populazio guziarentzat txertaketa plan eraginkorrak eta bermea dutenak».

Horrez gain, Sarek elkarretaratzea egin zuen atzo, Iruñean, Nafarroako Ospitalearen aurrean, «Osasuna eskubidearen alde, larriki gaixo dauden presoak etxera!» lemapean. Beste hainbat herritan ere antzeko mobilizazioak izan ziren.

NAIZ Irratiari egindako adierazpenetan, Sareko kide Inaxio Oiartzabalek elkarretaratze hauen helburua «preso gaixoen errealitatea ikusaraztea» dela azaldu zuen.

«Larriki gaixo dauden presoek espetxeetan ez dute behar duten arreta jasotzeko aukerarik», salatu zuen.

Era berean, behin-behineko konponbide gisa ere, ez diete espetxetik atera eta beharrezko duten tratamendua behar duten lekuan jasotzeko aukerarik ematen. Gaineratu zuenez, azken hilabeteotan Madrilgo Gobernuari aldaketarako jarrera antzematen zaio kasu zehatz batzuetan. Parisi, ordea, batere ez.