Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren mezuak

Mezuak tupustean “kontramezuak” bilakatzen dizkigute osasun larrialdiaren garaiotan. Atzoko mezuak zakarrontzira bota, baina mezu berriak ere astebetera bide berberera doaz, “kontramezuen” edukiontzira. Zaldiko-maldikoan dabiltzan mezuak dira. Beti biribil bera margotuz espazialki, espezialki. Hitz jokoan sartuko ditut “kontramezua” eta “konpromezua”, eta honen itzulpen lerdoa izan daiteke “mezuak erostea”. Mezuak konpromisoa duenean, zera da askorentzat, “konpromezua”. Baina hitz hori oker erabilita dago. Ipar Euskal Herrian “engaiamendua” erabiltzen dute. Ez nahasi “engainamendua”-rekin. Mezu askorekin engainatzen gaituzte, ziria sartuko digute osasun larrialdiarekin edo emakumeek jasandako tortura heterozentristarekin, edo tortura politikoarekin, ingurumen-torturarekin, langileriaren zapalketa torturatzailearekin... Sumisioari kidetasuna agertzea da proposatzen diguten baloreen inokulazio iraunkorra. Botere hertsatzailearen botere harremanek sumisioaren soka jartzen digute lepoan. Ziriak barneratuta eta onartuz bukatzen dira gure egunak. Ez dago negoziaziorik. Baina kantu askoren mezuetan tortura horiek guztiak astintzen ditugu, txakur bustiak egiten duen bezala. Euskal Herriko punkari beti aitortu diogu mezu zakar eta gardenenak oihukatzea. Zaborrari zarama deitzea. Beste hainbat sortzaile konprometituk ere beste mezu asko adierazi dizkigute metafora, perifrasi, alegoria eta hainbat hitz ezkuturekin. Zaila da mezu askatzaileak lehen lerrora ekartzea, sistemak ezabatu egiten dizkigulako.