GARA
IRUÑEA

Beste hiru euskal preso politiko hurbilduko dituzte

Garikoitz Etxeberria, Fernando Elejalde eta Iñigo Vallejo presoak gerturatuko dituela iragarri zuen atzo Espetxe Zuzendaritzak, horietariko bi Andaluziatik. Kopurua azken asteotakoa baino txikiagoa da, beraz.

Ostiralero bezala, euskal preso politikoen hurbilketen berri eman zuen atzo Espetxe Zuzendaritzak. Hiru izen-abizen dakartza aste honetako zerrendak. Nabarmentzekoa da bi preso Andaluziako espetxeetan direla: Garikoitz Etxeberria eta Fernando Elejalde, hain zuzen ere.

Etxeberria Sevillatik atera eta Palentziako Dueñaseko espetxera lekualdatuko dute. Elejalde, berriz, Puerto I espetxean den azken euskal presoa da (dozena erdi daude oraindik Puerto IIn) eta Mansillara (Leon) hurbilduko dute. Hirugarren mugimendua Iñigo Vallejorena da. Dueñasetik Duesora (Kantabria) hurbilduko dute.

Iragarritako azken hiru mugimenduetatik harago, Etxeratek atzo jakinarazi zuen oraindik gauzatzeko zeuden zenbait lekualdatze asteon burutu direla. Mugimendu horiei esker, dagoeneko ez da euskal presorik gelditzen luzaroan krudeltasunaren ikur izan den Herrera de la Manchako espetxean.

Zehazki, aste honetan zehar Juan Carlos Subijana gasteiztarra Leonetik Basaurira ekarri dute; Josune Arriaga iruindarra, Topasetik Iruñera; Ainhoa Barbarin urretxuarra, Picassentetik Zaballara; Zigor Orbe basauriarra, Picassentetik Zaballara; Unai Lopez de Okariz gasteiztarra, Darocatik Zaballara; Iñaki Etxeberria iruindarra, Topasetik Duesora; Jon Mirena San Pedro bilbotarra, Herreratik Dueñasera; Arkaitz Goikoetxea algortarra, Villenatik Logroñora; eta Gorka Palacios durangarra, Murtziatik Madrilgo Estremerara.

Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazio ugari izan ziren atzo Euskal Herrian barna. Bergaran 34 lagun batu ziren presoen alde; Etxarri Aranatzen, 53; Ugaon, 59; Lekeition, 86; Durangon, 75; Hernanin, 95; Iruñean, 83; Getarian, 18; Donostian, 55; Arbizun, 30; Galdakaon, 87; Antzuolan, 32, eta, Deban, 40.