Surflari ernegatua

Mark Richardsen taula

Behin erabili dut ondoko argazkian azaltzen diren bi taula horien antzeko bat. Alegia, 1979 eta 1982 artean lau bider jarraian munduko txapelduna izan zen Mark Richardsen taularen erreplika bat. Sasoi hartan munduko surflari hoberenetako bat izateaz gain, bere taulak berak egiten zituen surflari australiarrak eta garaian oso berritzailea izan zen diseinua asmatu zuen; «enara ipurdia» zuten bi lemako taula zabalak.

Irlandan izan zen, duela ia 18 urte. Ingelesa ikasten ari nintzen Belfasten eta eskolarteko surf lehiaketa bat zegoela jakin nuen. Hasiera batean Sligon egin behar zuten eta, Belfastetik oso urrun ez zegoenez, izena ematea erabaki nuen. Momentuan ez nintzen jabetu egiaz Ipar Irlanda edo Ulsterreko ikastetxeek ezin zutela parte hartu, ikuspegi administratibo zurrun batetik begiratuta Belfast Britainia Handiko hiria baitzen eta ez Irlandakoa.

Kontua da azken unean txapelketa lekuz aldatu zutela eta uhartearen beste puntan ezarri zutela hitzordua, Waterford hiritik gertu, Tramore hondartzan, Irlandako hego-ekialdean. Hala ere, joatea erabaki nuen eta han agertu nintzen ingelesa ikasten nuen institutuko txartelarekin. Ez naiz oroitzen eskolaren izenaz eta, begira jardun naizen arren, ez dut topatu, baina erdigunean zegoela oroitzen naiz.

Aurpegi arraroak nabaritu nituen izena ematerakoan, baina kanpotarra nintzelako izango zela pentsatu nuen, esan bezala ez bainintzen ohartu legez ezinezkoa zena egiten ari nintzela. Onartu ninduten eta gainera oso abegikorrak izan ziren nirekin. Oraindik dastamena galdua dut borondate onez eman zidaten te gorriari eman nion zurrupada hartatik.

Hasiberrientzako kortxozko taula handi bat eta sei milimetroko urjantzi bat alokatu nituen. Ikaragarrizko hotza egiten zuen, ura marroia zen eta haizea kristalezkoa, dena zen solidoa, harrizkoa balitz bezala. Taula harekin gauza handirik ezingo nuela egin pentsatu nuen, beraz, olatuak handiak izan arren, urrun joan eta gutxienez olatu luze bat hartzea izan zen nire estrategiaren ardatza, eta horrela pasa nituen finalera eraman ninduten txandak.

Ia Ingalaterrako uretara joaten nintzen arraunean, nola edo ahala aparrak eta uhinak iraganez, eta, han, katxopaz inguratutako eremu basati hartan, puntu txiki ilun bat bihurtzen nintzen. Ahal nuen moduan olatu bat hartu eta ibilbide luzea egiten nuen; gainontzeko lehiakideen parera iristerako jada distantzia luzea egina izaten nuen eta haien ondotik pasatzen nintzenean harriduraz begiratzen ninduten. Ziur aski «nondik azaldu duk hau?» galdetuko zuten.

Mark Richardsen taula kaleratua izan zen tipo jator batek utzi zidan, baldintza bakar batekin, «irabaztea». Aitzitik, ez nuen lortu, bigarren geratu nintzen. Hala ere, ordezkatzen nuen institutuko aldizkarian argitaratu zuten berria, argazki eta guzti. Ezagutzen ez nuen jende askok zoriondu ninduen, baina nire ingeleseko irakasleari ez zion batere graziarik egin, ez ninduen zoriondu. Izan ere, bere iritziz, «Belfastekoa eskola britainiarra da, ez irlandarra».