Nerea GOTI
BILBO

Tubacexeko langileak: «Batasuna sendotzen jarraitu behar dugu»

Dagoeneko greban 60 egun daramatzaten Tubacexeko langileek manifestazioa egin zuten atzo Bilbon, enpresak agindutako 95 kaleratzeen aurka. Covid-19aren krisia baliatuta lanpostuak suntsitzen dituen estrategiaren aurrean «borroka eta batasuna» defendatu zituzten eta Lakuari «patronalaren ahotsa ez izatea» exijitu zioten.

Kaleratzeen kontrako mobilizazioa Bilboko kaleetara eraman zuten atzo 60 egun greban daramatzaten Tubacexeko langileek, manifestazio handi baten eskutik. Ondoan, familiak eta Aiaraldeko herritarrak izan zituzten, baita kaleratzeak ezagutu dituzten beste enpresa batzuetako langileak ere, Derioko Eatonekoak kasu. «Deslokalizazio argiak» 35 lagun utzi ditu lanik gabe bertan.

Tubacexeko Amurrioko eta Laudioko lantegietako beharginek nabarmendu zutenez, «borroka eta batasuna» dira gakoak enpresaren zuzendaritzarena bezalako estrategia baten aurrean. Salatu zutenez, indarrean dagoen lan erreforma da «covid-19aren krisiaren aitzakiarekin» kaleratzeak ahalbidetzen dituena. Egungo egoera latza ikusita, langileen batasuna ezinbestekotzat jo zuten. «Batasuna sendotzen eta sustatzen jarraitu behar dugu», adierazi zuten.

Manifestazioak Lakuarentzako eskaera zuzena ere utzi zuen beharginen aldetik: «patronalaren bozeramailea» izateari utzi eta «langileen ondoan» jartzea. Laguntza publikoen gaineko azalpenak eskatu beharko lituzke Lakuak langileen ustez, eta, kaleratzeak ematekotan, jasotako «azken zentimoa ere» itzultzea eskatu beharko luke. Alderdi politikoei, bestalde, «lan erreforma indargabetzea» eskatu zieten. Azkenik, azken asteetan jasotako elkartasuna eskertu zuten Tubacexeko langileek eta egungo egoera ez dutela beraiek sortu nabarmendu zuten.