Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURF

WSL zirkuitua 2021: Moore eta Ferreira garaile Newcastleko olatuetan

Carissa Moore eta Italo Ferreira nagusitu dira Newcastlen (Australia) eta rankingeko lehen postuan ziren Tyler Wright eta John John Florencen lekuak hartu dituzte. Apirilaren 16an hasiko da WSL itzuliko hirugarren txapelketa.

Carissa Moore eta Italo Ferreirak eraman zuten Newcastlen egin zen WSL itzuliko bigarren txapelketako txapela, edo, hobeto esanda, Mark Richardsen surf taula. Izan ere, hori zen lau bider munduko txapeldun izan zen surflari mitikoaren jaioterrian egindako lehiaketako irabazleentzat saria.

Inork gutxik espero bazuen ere, ranking orokorrean buru ziren Tyler Wright eta John John Florence kaleratuak izan ziren lehen txandetan eta haien postuak Moorek eta Ferreirak hartu zituzten. Ondorioz, aldaketa esanguratsuak izan dira nesken zein mutilen lehen mailako rankingetan. Hori bai, itzulia hasi baino ez da egin.

Urtebeteko geldialdiaren ostean erritmoa berreskuratu du WSL itzuliak. Datozen asteetan Australian egingo diren WSL itzuliko hurrengo hiru txapelketak ere arazorik gabe egin ahal izango direla dirudi, hortaz, itzuliak aurrera egin ahala ranking orokorra gero eta trinkoagoa izango da eta orain lehen postuetan direnek lidergoari eusten dioten ikusi ahal izango da.

 

Medina vs Ferreira

Finalak 40 minutu iraun zituen arren, egiaz lehen 15 minutuetan jokatu zen WSL itzuliko mutilen bigarren txapelketako finala. Biak brasildarrak, biak ezker surflariak, biak airekoak egiten adituak, biak oso lehiakorrak eta biak munduko txapeldun izandakoak, Medina 2014an eta 2018an, eta Ferreira 2019an.

Olatu politak izan ziren Newscastleko hondartzan, ezker-eskuin lehertzen ziren metro eta erdiko olatu garbiak. Final ikusgarri bat eskaintzeko beharrezko osagai guztiak eltzean ziren, eta, aurreikus zitekeen moduan, horrela izan zen, zinez final bizia izan baitzen.

Lehen olatuetan ez zuten arriskatu, baina oso surf polita egin zuten bi lehiakideek. Atzealdean lehertzen zen sekzioan pare bat bira indartsu egin ostean, ur-ertzeko sekziora iristeko taula gainean bote txikiak egiteari ekiten zioten, eta, ia olaturik gabe geratzen zirenean ere, abiadurari eutsi eta ur-ertzean azken ariketa batekin olatua borobiltzea lortzen zuten. 80ko eta 90eko hamarkadako lehiaketetan bezala, bi surflariek hondartzarainoko ibilbidea egiten zuten.

Horrela lortu zuen Medinak txandako olaturik hoberena egitea. Bizkarkako hiru bira indartsu egin zituen lehen sekzioan, eta ur-ertzera iritsi zenean ere olatua amaitzeko azken bira maisuki burutu zuen.

Italo Ferreira izan zen estrategia aldatu eta atzealdeko sekzioan airekoak egiten hasi zena. Horri esker garaipena eman zioten bi olatu egin ahal izan zituen. 7,77 puntu lortu zituen bizkarka airean 360 graduko itzulia egitegatik. Bigarren olatu hoberenean, ostera, 7,17 puntu eskuratu zituen. Beraz 14,94 puntu bildu zituen.

Oraindik ere 25 minutu falta ziren txanda amaitzeko eta Medinak 13,27 puntu zituen, 8,64 eta 4,67 puntuko olatu banari esker. Hortaz, 6,34 puntu behar zituen bere arerioa gainditzeko. Markagailua edozein unetan alda zitekeela zirudien, baina ez zen horrela gertatu.

Azken 25 minutuetan ezinezko airekoak egiten saiatu ziren bi lehiakideak eta lehentasun arauekin jokatzen aritu ziren. Olatu anitz hartu zituzten bi surflariek, hamar olatu bakoitzak, baina Medinak ez zuen lortu Ferreiraren puntuazioa gainditzea eta 2019ko munduko txapeldunak lortu zuen azkenean aurtengo WSL itzuliko bigarren lehiaketan nagusitzea.

Newcastleko txapelketaren ostean, ranking orokorrean aldaketa esanguratsuak eman dira. John John Florenceek lidergoa galdu du hirugarren txandan kaleratua izan ostean eta hirugarren postura jaitsi da.

Ferreira da mutilen CT rankingean lehena eta bere atzetik Medina dago. Aipatzekoa da laugarren postuan Jordy Smith beteranoa dagoela, berriki aita izan den hegoafrikarrak bi hilabete egin baitzituen Londresen surf egin gabe txapelketa aitzin eta ez baitzegoen sasoi hoberenean.

Moore vs Nichols

Nesken finalean Carissa Moore hawaiiarra eta Isabela Nichols australiarra izan ziren buruz buru lehian. Lau bider munduko txapeldun izandakoa lehena (2011n, 2013an, 2015ean eta 2019an), eta bigarrena, ostera, «hasiberria», ia lehiakide ezezaguna, lehen urtea baitu WCT zirkuituan.

Finala hasi eta 17 minutu pasa behar izan ziren bi lehiakideek lehen olatua hartzeko. Olatu on baten zain ziren bi surflariak eta hautaketa zorrotza egiten zuten olatuak hartzerakoan. Txanda amaitzeko 17 minutu falta zirenean hartu zuen hawaiiarrak bere bigarren olatua eta itzel aritu zen. Olatuaren hasieratik bukaeraraino bira borobil indartsuak egin zituen eta epaileek 9,50 puntu eman zizkioten.

Denbora amaitzen ari zen arren, bi lehiakideek soilik olatu egokien zain egoteko estrategiari eutsi zioten. Ondorioz, lau olatu baino ez zituen hartu Moorek finalak iraun zituen 40 minutuetan. Nicholsek, berriz, sei olatu hartu zituen.

Alde handiz gailendu zen hawaiiarra. Bere bi olatu onenek 9,50 eta 6,23 puntu jaso zituzten, hau da, guztira 15,73 puntu bildu zituen. Nicholsek ez zuen lortu puntuazio altua emango zioten ariketak behar bezala amaitzerik eta puntuazio baxua jaso zuen. 3,67 eta 4,67 puntuko olatu banarekin 8,34 puntu bildu zituen guztira. Hala ere, ez dago gaizki, 23 urteko «hasiberriak» finalera iristearekin bakarrik sekulako emaitza lortu baitzuen.

Nesken ranking orokorrean ere aldaketa esanguratsuak izan dira, Tyler Wright australiarrak lehenengo postua galdu baitu. Bi bider munduko txapeldun izandako surflaria (2016an eta 2017an) hirugarren txandan kaleratu zuten eta sekulako kolpea izan zen, baita zaleentzat ere, bertakoa izaki faborito argia baitzen Wright.

Orain Carissa Moore da WCT rankingeko burua, Tyler Wright bigarren postuan dago eta Isabela Nichols hirugarren postuan. Laugarren postuan ere australiar bat dago, Stephanie Gilmore, zazpi bider munduko txapeldun izandakoa.

 

Narrabeen Classic

Nesken zein mutilen lehen mailako zirkuituko hurrengo lehiaketa apirilaren 16tik 26ra bitartean jokatuko da Newcastletik gertu, Narrabeeneko kostalde mitikoan. Jada bertan dira lehiakideak eta haien entrenamendu saioetan hartzen ari diren olatuen irudiak sarean ikus daitezke.

WSL itzuliak ohiko martxa hartu duela dirudi eta datozen lehiaketak ere arazorik gabe egin ahal izango direla nabarmendu dute antolatzaileek.