Iurre BIDEGAIN (KAZETA)
FUTBOLA

«Ohorea da niretzat Euskal Selekzioarekin jokatzea»

Sophie Istillart Euskal Selekzioan dabilen Ipar Euskal Herriko lehen jokalaria da. Athleticen berriki sartu den hendaiarrak Basque Country International Women’s Cup txapelketan parte hartzeko aukera izan du; «harro egotekoa eta ohorea», bere hitzetan.

Euskal Selekzioan ari den Ipar Euskal Herriko lehen jokalaria da Sophie Istillart. Lehen aldiz Euskal Selekzioaren elastikoarekin parte hartu eta Basque Country International Women’s Cup txapelketa irabazteko parada izan du, Argentinaren aurkako partidan garaile aterata.

Zortzi urterekin hasi zen futbolean hendaiarra eta, dioenez, modu oso naturalean. Hendaiara bizitzera etorri eta bere etxe parean dagoen futbol zelaiak jokatzeko gogoa piztu zion. Hendaiako Les Eglantins taldean hasi zen eta 14 urte zituelarik utzi egin behar izan zuen; «ezin nuelako gehiago mutilekin jokatu». Bidasoa ibaia zeharkatu eta Irungo Mariño taldean segitu zuen futbolean. Bertan ere, gogoratu duenez, Euskal Selekzioarekin aritzeko aukera izan zuen. «Hamasei urte baino gutxiagokoekin», oroitu du.

Bordelera salto egin eta Blanquefort taldera pasatu zen, Girondins taldeko kide izateko. Bertan bost urtez aritu zen kirolaria. Iaz, ordea, bere ibilbideak Bilborako norabidea hartu zuen.

Iazko abuztuan Atlheticekin kontratua izenpetzeko parada sortu zitzaion. Imajinatzen ote zuen? «Zintzoki, ez. Gainera, ez nuen inoiz imajinatuko futbola nire lanbidea izan zitekeenik noizbait. Espainiar Estatuko txapelketak ezagutzeko grina izan dut beti eta Athletic beti buruan izan dut. Aukera atera zen eta ez nuen galdu», erran du poz handiz.

Athleticen izanda, Euskal Selekzioarekin aritzeko aukera izan du apirilaren 11n Zubietan antolatutako Basque Country International Women’s Cup txapelketan. Argentinaren kontra irabazi, eta hutsean berdindu zuen Venezuelaren kontra.

Euskal Selekzioaren kamiseta janzteak «harrotasuna» ematen diola aitortu du. «Nire balioak irudikatzen ditu, nire familia, eta hazi naizen lurraldea. Espero dut beste aldi batez edo gehiagotan eramanen dudala», nabarmendu du. Euskal Selekzioaren ofizialtasunari dagokionez, horren alde agertzen da Istillart. «Euskaldunok txapelketa ofizialetan parte hartu nahi dugu eta espero dut egingarria izanen dela. Baina ez da gure esku. Itxaron behar da eta pazientzia ukan behar dugu», adierazi du.

Etxean bezala

Azken hamar urteetan, emakumeen futbolari dagokionez «izugarrizko garapena» sumatu du gazteak. «Duela hamar urte ez nuen pentsatuko nire pasioaz bizitzen ahalko nintzenik. Garaian gauez entrenatzen ginen, ez genuen aldagelarik eta zelaiak ez ziren benetakoak. Baldintzak ez ziren berdinak. Gaur egun ez zaigu deus falta. Gauzak asko aitzinatu dira», aipatu du. Aldaketa hori ikusi du zaleen kopuruan ere: «Lehen 200-300 pertsona heltzen ziren partiduetara. Orain askoz gehiago».

Hain zuzen, publiko horren falta sumatzen du futbolariak. Osasun krisia dela eta, Athleticekin ez du publikoaren aitzinean jokatzeko aukerarik izan eta sentsazio hori bizitzeko irrikan dago. «Publikoak digu izugarrizko indarra ematen zelaian. Espero dut laster biziko dugula».

Datozen erronkei begira, sasoia ongi bukatu nahi du hendaiarrak eta Athleticen dagoen giroaz gozatzen segitu nahi du. «Etxean bezala sentitzen naiz. Klubeko kideek eta bertan lan egiten dutenek dena egiten dute ongi sentiarazteko», azaldu du.

Bi urterako izenpetu zuen kontratua klubarekin eta, baieztatu duenez, izenpetzen duelarik klubean gelditzeko da. «Nire baitatik dena ematea maite dut. Ongi sentitzen naiz hemen eta espero dut luzerako izanen dela. Ezin nuen gehiago eskatu».