Iker GURRUTXAGA
Entrevista
IDOIA ASURMENDI
MUSIKARIA

«Lehen singlean taldea aurkeztu nahi izan nuen, eta bigarrenean, nor naizen ni, pianoarekin»

Lehen diskoa kaleratu berri du Idoia Asurmendi (Aramaio, 2000) musikariak, «Ilun eta Abar». Ezohiko urte honetan oparotasunarekin topo egin du eta zortzi kantuz osatutako lana kaleratu du. Gaur, Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztuko du zuzenean.

Donostiako Muir estudioan sartu zenetik hilabete batzuk pasatu ostean argitaratu du bere estreinako diskoa Idoiak, “Ilun eta abar”. Denetariko abestiak entzun daitezke bertan, baina guztiek ere barruan ditugun sentimenduak azaleratzeko balio dute. Bai dituen mezuengatik, baita doinuengatik ere.

“Ilun eta abar” kontzeptua nondik galdetu diogu Idoiari, horrelaxe izena baitu bere lehen lanak, eta azalpenak hein batean badu bizi duen etapa berriarekin lotura: «Estetikoki asko gustatzen zaidan kontzeptua da eta Donostian bizi naizenetik ilunabarrak asko gustatzen zaizkidala konturatu naiz. Hortik dator kontzeptua, baina esan behar dut ‘eta abar’ hori bakoitzak nahi duena dela».

“Munstroa” ez da sehaska kantu bat, baina bada gertu dagoen zerbait. «Gauez zein egunez entzun daitekeen kantua da. Diskoari izena eman nionean ez nuen halakorik buruan, baina ilunabarra hasi eta bukatu arteko pasarteak jasotzen dituela konturatu nintzen. Hala, kanten ordenak ere hori iradoki nahi du. Abesti honetan Oriol Flores, Joanes Ederra, Andoni Garcia, Sergio Valdeita eta bostok gaude. Baina, horrez gainera, Amaia eta Nora, hurbileko bi lagun, aritu dira koruetan. Diskoaren prozesua nik bezainbeste bizi izan dute, ondoan izan ditut, eta estudiora gonbidatu nituen egun batean abesten bukatu zuten. Agian akabatuko naute hau kontatu eta gero».

Jesus Guridi kontserbatorioan hainbat urte eman ditu musika ikasketak burutzen aramaioarrak. Euskadiko Gazteen Abesbatzan ere abestu du eta, egun, Musikenen dabil pedagogia musikala ikasten. «Eskatzen den maila altua izan arren, nire saltsan nago eta musikariz inguratuta, benetan pozik egiten ari naizenarekin», aitortu du Idoiak.

Etxeko berotasuna

Familia musikazalea du eta senitartekoak abesten entzun daitezke “Viejo refranero” abestian. Aitona da kantuaren sarreran entzuten dena eta bukaeran guztiek elkarrekin abesten dute: «Udan elkartu ginen batean grabatu nituen kantuan familiakoak; oso ongi pasa genuen egun hartan. Aitonak askotan abesten du ‘Cielito lindo’ abesti ezaguna eta, han esaten duen moduan, abestu eta ez negarrik egin, horixe esaten dut kantuan; bihotzak abestuz pozten direla, alegia. Aitonak esaera zahar asko erabiltzen ditu eta horregatik du izenburu hori abestiak eta gaitegia ere bere bizitzaren bueltakoa da, ikazkina izan zelako Artatzako aitona». Pandero hotsak ere entzuten dira eta horiek Idoiak berak jo ditu; akordeoia berriz, Garazi Esnaolak.

Nola diren kontuak, estudioko lehen esperientzia trikiti mundutik etorri zitzaion Idoia Asurmendiri. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak kaleratu zuen “Zintzilik” izeneko bilduman hartu zuen parte eta hura izan zen estudiora lehenengoz sartu zen aldia, 2017an. Urte berean, “Hitzetan” kantua grabatu zuen: «Nire lehenengo abestia izan zen eta eskolako lan baterako sortua izan zen. Xabi Igoa bertsolariarekin harremanetan jarri nintzen eta beste hiru lagunekin batera bideo bat egin genuen. Lau urte pasa direnik ere ez du ematen. Orain berriro grabatu dut eta bi bertsioak asko gustatzen zaizkit. Lehendabiziko hark badu bere xarma, lehen bertsioa delako eta lau urte pasa direlako. Beste musikari batzuek jo dute albumean eta beste soinu bat hartu du, folk ukitu handiagoa du eta asko gustatu zait nola geratu den. Jendea harritzen da aldaketarekin, baina berez duen xarmari eusten dio kantuak eta hori ere pozgarria da».

Americana kutsua hartzen du kantuak, instrumentu akustikoekin jo delako. «Estilo asko landu ditugu diskoan eta aberasgarria delakoan nago; norberaren musika ezin etiketatzea interesgarria dela uste dut». Azaroaren 25aren bueltan sortutako kantua izan zen; Xabi Igoak eta biek elkarrekin egin zituzten kantuen hitzak: «Ongi dago institutuan halako gauzak egiteko aukera izatea, erreferente horiek ezagutarazteaz gainera, sorkuntza lantzen delako. ‘Beldur barik’ lehiaketarako sortu genuen eta irabaztea ere lortu genuen, gainera. Hortaz, institutua, irakaslea eta ikaskideak pozarren ziren kantuarekin».

2020 emankorra

Urte ona izan zen iazkoa Idoiarentzat. Kutxa Kultur egonaldia, Chillida Lekun kontzertua, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkarlana, Olatz Salvadorren diskoan parte hartzea… eta guztia ezer argitaratu gabe, ahoz ahokoarekin.

«Urte oso-oso ona izan zen, gauza asko gertatu zitzaizkidalako eta guztiak onak. Hori kudeatzen jakin beharra dago, jakina, emozio oso indartsuak bizi izan nituelako. Orkestrarekin abestea, esaterako, sekulakoa izan zen. Umetatik maite izan dudan zerbait da orkestra mundua eta etxera iristean esan nien etxekoei ez nuela halakorik sekula bizi izan bizitzako inongo esparrutan. Abenduaren 12a egutegian betirako izango dut markatuta. Olatzekin elkarlana egiteak eta gertutik ezagutu izanak txip aldaketa bat ekarri du niretzat. Olatz, Eñaut, Izaro… erreferenteak izan dira eta izango dira niretzat eta bat-batean zeure burua haiekin oholtza partekatzen ikusten duzunean aldaketa handia da eta arraroa ere bada. Hortaz, kontziente naiz dena oso positiboa izan dela, une batzuetan zaila izan den arren».

“Viejo refranero” abestiaren bertsio berezia ere osatu du Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin. «Fernando Velazquez udan jarri zen nirekin harremanetan eta esan zidan ea zerbait nahi nuen grabatu Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin. Berehala eman nion baiezkoa. Irailean joan nintzen haien egoitzara eta orduan grabatutakoa da diskoan entzun daitekeen abestia», esan digu Idoiak.

Etxekoak musikazaleak direla argi geratu da beste behin, “Mundo al revés” abestia Bea eta Nerea ahizpekin batera grabatu duelako hiruretan gazteenak. «Beak 7 urte daramatza Londresen eta egun jazz estiloan kantu masterra egiten ari da; gainera, beti izan da gertuen eduki dudan erreferente musikala. Nerea, berriz, ez dabil musika munduan, baina oso ongi abesten du. Hartara, hirurek elkarrekin abesteak ilusio berezia sortzen zidan eta, Bea ikasten ari den hori kontuan izanda, bossa nova kantua egin dut bere soloa eduki dezan eta ikasten ari den hori entzun dadin», azaldu digu Idoiak. “Lo kanta” eta “Aulki jokoa” izan ziren diskoaren aurrerapen kantuak. «Lehendabiziko singlean taldea aurkeztu nahi izan nuen, eta bigarrenean, nor naizen ni, nire pianoarekin. Mezu aldetik nahiko argiak dira, azalpen askorik ez dute behar. Baina ‘Aulki jokoa’ bada berezia, Maria Oses eta bion artean sortutako lehen kantua delako, proiektuaren hastapenetan idatzia, eta berezia zen niretzat hori aurkeztea».

Eñaut Elorrietaren kolaborazioa izan du “25. artikulua” balada energikoan, baina harremana aurretik dator: «Duela sei urte, Nafarroako kanpin batean izan zen kantu afari batera etorri zen eta ni oso fana nintzen. Berarengana joan eta ea elkarrekin abestuko genuen esan nion. Ordutik ona harreman askorik ez dugu izan, baina batak bestearen pistari jarraitu dio. Kantu hau idazten hasi nintzenean, bere ahotsa entzuten nuen eta harremanetan jarri nintzen ea parte hartu nahi zuen galdetzeko eta baiezkoa eman zidan. Asko eskertzen diot –aitortu du Idoiak–, orain harreman oso polita daukagulako eta bere alea jarri duelako nire disko honetarako. Hitzak Maria Osesekin elkarlanean idatzita daude, elkartasunari egindako abestia da eta zenbat eta jende gehiagok abestu edota jo, zentzu handiagoa hartuko du abestiak. Hartara, elkarlanean idazteak badu bere zentzua».

Udaberrian kontzertuak

Gaur Donostiako Antzoki Zaharrean izango da Idoia. Baina, atzetik gehiago ere badatoz: Otxandio, Iruñea, Arrasate, Zumaia eta Azpeitia bisitatuko ditu Idoiak. «Gu zortedunak gara, talde asko geldirik daudelako eta guk kontzertuak ditugulako, toki berezietan, gainera».