Iker GURRUTXAGA
Entrevista
MAREN
ABESLARIA

«Bizipenetatik pelikulak sortu, eta irudi horietatik sortzen ditut kantuak»

Maren Berzosak lehen disko luzea kaleratu berri du, «Margaritas y lavanda» deiturikoa. Abesti asko aurretik ere ezagutzen genituen arren, buelta bat eman eta musikari bizkaitarrak kasik disko kontzeptual bat egin duela esan dezakegu. Garai bereziak badira ere, kontzertu bira prest du; Bilbon, Madrilen, Bartzelonan eta Esteponako (Malaga) zezen plazan izango da (eta guztia salduta, gainera).

«Nik uste dut ondo kozinatzen dudala, gauza gutxi, baina goxoak; egun bakarra irauten dute etxean!» aitortu du barrez Marenek. Guk badakigu kozinatzen duela, sare sozialetan partekatzen dituelako bere postre goxoak. Jakina da ere furgonetan lo egitea eta ilunabarrak gustuko dituela, skatean trebea dela eta izugarri maite dituela ama eta amama. «Badakizu? ‘Margarette, todos lloran por ti’ bideokliperako margaritak amamak hartu zituen landa batetik», kontatu digu.

Bizkaieraz eta abiadura bizian mintzatzen da Maren. Berriki kaleratu du “Margaritas y lavanda” (Hook Ediciones Musicales). Garai bereziak badira ere, kontzertu bira prest du; Bilbon, Madrilen, Bartzelonan eta Esteponako (Malaga) zezen plazan izango da (eta guztia salduta, gainera). Berezia da azken hau, kontuan hartuta Marenek ez duela ugaztunen haragirik jaten. Baina hori ez da arazo berarentzat; «erabiliko dugu leku hau gauza eder bat egiteko! Hemen gauza txarrak bakarrik pasatzen dira eta guk gauza polit bat egingo dugu!».

«Alter ego»-arekin bizitzea

Maren eta Margarette. Benetakoa eta alter egoa. Elkarren beharra dute biek eta elkarrekin sortzen dituzte kantuak. «Duela urtebete sortu nuen Margarette eta konturatu nintzen idazterako orduan tresna super aberasgarria zela, pentsatzen nituen gauzak beste modu batean esateko». Margarette poz-pozik dago kalean, bera da publikoki erakusten den irudia, geldiezina da. Maren, aldiz, etxean, ezin kalera atera. «Nor naizen eta nor izan nahi dudan nahasten dira. Gaur bat banaiz, bihar bestea».

Hemezortzi urte baditu ere, nortasun propioa duten hamar kantu borobil sortu ditu bizkaitarrak, non dream-pop doinuak uztartzen diren, eta bere ahots goxoa beste instrumentu bat bilakatzen den ia-ia. Kantuak pertsonalak dira oso, barrutik idatzitakoak; «nire bizipenetatik pelikulak sortzen ditut buruan, eta gero irudi horiek kantura eramaten ditut», azaldu du. “El dia que bajé las escaleras” kantuan, adibidez, 8 urte zituenean bizitako pasarte bati egiten dio aipamena: «Nire ustez, momentu hori izan zen nagusi egiteko modu bat, esnatzeko modu bat».

Hamalau urterekin kaleratu zuen bere lehen kantua eta, geroztik abesti ugari sortu baditu ere, “Margaritas y lavanda” diskoan bildutakoak azken bizpahiru urtean idatziak dira. «Ez dut propio diskotik kanpora kanturik utzi; uste dut lan honetan oraingo kantuak sartu behar nituela, 16-18 urterekin idatzitakoak. Kontzertuetan kantatuko ditudanak dira eta ez banaiz identifikatuta sentitzen esaten dudanarekin, zailagoa da...».

Bere kantuetan hizpide ditu eguzkia, zaintza, norbera izatea, errua... «betidanik eduki dut erruaren kontzeptua oso markatuta. Bizitzan gertatzen zaizkizun gauzak onak edo txarrak dira, baina momentu txar batean egoteak ez du esan nahi ezin zarenik pozik egon. Gauza txarrak gertatzen diren bitartean zoriontsu izateko eskubidea duzula dio ‘Cualquier cosa que diga yo’ kantuak. Errua alde batera utzi behar da».

Bizipen pertsonal batetik sortutako beste kantu bat da “Margarette, todos lloran por ti”. Elkarren arteko lehiaz hausnartzen du; «musika munduan beti dago nik ulertzen ez dudan konpetentzia bat. Badago jendea poztuko dena zuri zerbait gaizki ateratzen bazaizu... eta horren aurrean idatzi nuen kantu hau». Musikarien artean lehia badagoela dio, baina baita aliantzak ere, eta disko honetan bizi izan du hori, justu, “Margarette, todos lloran por ti” kantuan. Anni B Sweet musikariarekin sortutako kantua ahizpatasun adibidetzat har daiteke. Musikari andaluziarrak Marenen kantu bat partekatu zuen sare sozialetan. «Bua! Niretzat erreferente bat da! –esan du–, uste dut udan hasi zela sare sozialetan ni jarraitzen, eta esan zidan, nik hala nahi banuen, koroak egingo zizkidala kantu batean. Eta nik: ‘Koroak? Ez, ez, kantu bat egingo dugu elkarrekin!’».

Heldutasun handiko debuta

Berea hasi eta bukatu beharreko diskoa dela dio. Diskoa irudikatu genezakeen kantu aurrerapenei esker. Horietako bi, gutxienez, “Fotosíntesis” eta “Te invito a mi piscina (para matarte)” aldatuta entzun ditugu diskoan. Lehendabizikoan berriro egin dute nahasketa eta bigarrena berriro grabatu.

Ekoizle lanak hein batean bere gain hartu baditu ere, Sergio Sastre “Reys” eta Carlos Dueñas izan ditu ondoan Arctic Wave estudioan. Azken honek egin ditu nahasketak eta kanturen batean asko nabaritu da aldaketa. «Aurretik aurkeztu ditudan kantu ia denak bere horretan mantendu ditugu eta bakarren bat berriz grabatu; aurkeztu nituen horiek demoak edo zirela esan dezakegu. Baina nahasketetan aldaketaren bat edo beste egin dugunez, kantu batzuek beste itxura bat dute orain eta nabaritzen da. Askok esan digun zerbait izan da, gainera».

Zuzeneko banda osatzen duten kideez gain, jende gehiagok ere hartu du parte. «Zuzenekoetara ezin dut orkestra bat eraman eta sokak Miguel Lara madrildarrak grabatu ditu. Zuzenekoetan bateria Gloria Maurelek jotzen duen arren, Nacho Garciak grabatu du; baxua, Marc Sospedrak eta teklatuak, Edu Martinezek. Horrelako musikari profesionalekin jotzeak garrantzi handia du, erraztasun handiak eman dizkidate baina, aldi berean, errespetua ematen du. Zer esan behar diot nik Sidonie bezalako talde batean jotzen duenari?».

“Aeropuerto” kantuaren aitzakian ea hegan dabilen sentitzen ote duen galdetuta, hau erantzun du: «Uste dut gauzak asimilatzeko denborarik ez dudala izan, eta denbora izan dudanetan ez dut lainotik jaitsi nahi izan». Une gozoak bizitzen ari den seinale.

Maren eta Margaretten artean osatu dute diskoa, baina badago hirugarren bat, bai ala bai, aipatu beharrekoa, Marenen ama, Bea Berzosa. Buru-belarri lan egin dute disko honek argia ikus zezan. «Amak eta biok egin dugu diskoaren diseinua. Kamera analogiko batekin argazkiak atera genituen eta guk egin dugu zuzenketa artistikoa. Nik asko eskertzen diot egin duen guztia. Nire ama den bezalakoa ez balitz, ni ez nintzateke gauza hauek egiten arituko».