Surflari ernegatua

Korronteak

Ingeniari eta surflari portugaldar batek hondartzetako itsaslasterrak identifikatzen dituzten kamerak egin ditu. Hau da, hondartzan ezarritako kameren bidez korronteak non dauden seinalatzen duen programa bat asmatu du. Kamerek gutxieneko altuera batean egon behar dute itsasoari begira, eta han goitik hartzen dituzten irudiak azaltzen diren pantailan kolore desberdineko karratu batean agertzen dira markatuta itsaslasterrak.

Jakin-gosez programak nola funtzionatzen duen begiratu nuen eta ez nuen nik irudikatutakoa topatu. Itsaslasterrak atzematen ditu programak, ongi identifikatzen ditu arrisku guneak, baina eremu karratu bat bakarrik seinalatzen du eta, ikusi ahal izan dudanaren arabera, korronteak indar handiena duen lekua bakarrik seinalatzen du. Aitzitik, ez da hori eremu arriskutsuena, igerilari bat eremu horretara eramango duen abiapuntua baizik, eta gune hori pantailatik kanpo geratzen da.

Hondartzatik gertuen dagoen korronte eremua da arriskutsuena, ondoren sor daitezkeen arazoen iturri baita. Korronteen formak askotarikoak dira, ez dira zuzen-zuzenean itsasoratzen; horregatik sarritan sorosleek bi bandera gorri ezartzen dituztenean eremu osoa hartzen dute kontuan.

Halakoetan bainulariek itsaslasterrik ez dagoen eremu bat ikus dezakete, baina korrontea osorik hartu behar da kontuan. Portugaldarraren kamerek bainulariek egiten duten akats bera egiten dute. Alegia, soilik eremu batean ezartzen dute begirada.

Edozein surflarik jakin beharko luke korronte bat identifikatzen. Gainera, horiek ongi baliatzen dituenak askoz olatu gehiago hartzeko aukera izango du. Teknologia berriek ezin dute beti natura eta gizakia ordezkatu. Ez oraindik.