Jon APEZETXEA
Aspe-ko teknikaria

Lehen ere izango ziren atzelari onak, baina halakorik...

Oraindik gaztea naiz, bai behintzat pilotaren historiarekin alderatuta, eta izango da jendea esango duena lehen ere atzelari handiak izan direla, alde handiak ematen zituztenak eta, lehen ere izango ziren atzelari handiak, baina halakorik... gutxi.

Zaila da Jose Javierrena deskribatzeko adjektibo egokiak topatzea. Ikuskizun hutsa da. Atzoko finalean egia da beste egunetan baino aurreragotik jokatu zuela, aurkariek kontra gutxiago egin ziotela, eta Albisuri eskua izorratu izanak ere izango zuen eraginik horretan, baina latza izan zen. Hasieran nik uste dut Jon Ander Albisuk aurre egin ziola, baina azkenerako erabat gailendu zitzaion. Saiatu zen ataundarra, aurrera etorrita, edo boleaz sartuta, Zabaleta lekutik atera eta deseroso sentiarazten, baina Jose Javier txapelketa guztian nola aritu den ikusita, normala da amore ematea. Gozatu egin zuen, pilotari eman eta sekulakoa jokatu zuen.

Danelen kasuan, esango nuke kosta egin zitzaiola partidan sartzea; komentatu genuen zuri samar ikusi genuela hasieran, ez zuela pilota eskuan sartzen, eta beldurrez bezala aritu zen, baina nik uste gerora oso ondo aritu zela. Nire ustez, bereziki ondo egin zuena partida irakurtzea izan zen; finalak behar zuena egin zuen tokatzen zen unean, bere atzelariari aukerako pilotak utzi zizkion eta Jose Javierri pilota hain egokiak utziz gero... Partida erditik aurrera bere aukerak izan zituenean ere asmatu egin zuen, lasaitu egin zen eta 19-1eko partzialak dena esaten du.

Bakarren batek komentatu zidan hurrengo urtean bikoteak orekatzeko garaian lanak izango ditugula Zabaletak maila horretan jarraitzen badu, baina lan errazak dira horiek. Amaitzeko ez nuke bi Jon Anderrek egindako lan itzela nabarmendu gabe utzi nahi. Txapelketa bikaina jokatu dute eta, batez ere, Albisuk, merezi zuen halako Binakako bat.