Imanol CARRILLO

Miren Lazkano, Europako txapeldun

Albiste bikainak datozkigu Ivreatik (Italia). Europako Eslalom Piraguismo Txapelketa burutu da bertan asteburuan zehar eta azken egunean, atzo alegia, euskaldun batek urrea lortu zuen. Miren Lazkano, 23 urterekin, C1eko finalean azkarrena izan zen eta Europako txapeldun bihurtu da. Oso azkar aritu zen donostiarra finalean, nahiz eta jaitsieran ate madarikatu bat ukitu zuen. Hala ere, martxa bat gehiago jarri eta lehen postuan amaitu zuen. 102.15eko denbora egin zuen. Tereza Fiserova txekiarra bigarren izan zen (102.51; 2 puntuko zigorra) eta Elena Apel alemana, hirugarren (104.01; zigorrik gabe). «Hasieran arazo bat izan dut. Hirugarren atean irauli egin naiz, ez guztiz, baina burua eta guzti sartu dut uretan, eta orduan pentsatu dut: edo orain edo inoiz ez. Martxa bat gehiago sartu dut eta ahal bezain ondoen egiten saiatu naiz. Helmugara iritsi naizenean, harrituta nengoen, goian horrelako ezustea izanda… Baina oso pozik nago. Asko eskertu behar diet lagundu didaten guztiei», azaldu zuen Lazkanok urrea eman zion jaitsierari buruz.