GARA
MOSKU

Naziak garaitzeko sobietarrek egindako sakrifizio itzelak ohoratu ditu Errusiak

Atzo, maiatzak 9, urtero legez, Moskuko Plaza Gorrian II. Mundu Gerran nazien kontrako sobietarren garaipena ospatzeko desfile militar ikusgarria antolatu zen. Errusiarrek Gerra Patriotiko Handia deitzen dutenaren memoria gorde eta ohoratzeko ekitaldia izan zen. Herrialdearen biziraupena jokoan egon zen eta 27 milioi sobietarrek galdu zuten bizitza. Nolabaiteko «gerra santua» izan zen hura, errusiar guztiei zegokiena, herrialdearen kontzientzia eta harrotasuna zizelkatu zuena.

Gerran hildako milioika pertsonaren omenezko isilunearen ondoren, milaka soldaduk eta arma sistema modernoenak desfilatu zuten, munduaren onbiderako sobietarrek egin zuten ekarpen handiaren oroimenez.

Indar askatzailea

Putin presidentearen hitzaldian, gerra hark «munduaren patuari forma eman zion paper historiko itzela» jokatu zuela esan zuen, eta ezinezkoa zirudiena –nazien tresneria militar beldurgarria garaitzea– «sobietarren batasun eta kuraiari esker» lortu zela.

Eta zehatz esan gabe, iradoki zuen Mendebaldeak ulertu behar duela desfilearekin nazien gaineko garaipena ospatzen dela, ez dela Stalinen apologia. Europan Armada Gorria «indar askatzailea izan zelako», eta ez, batzuek adierazi nahi duten moduan, indar okupatzaile zital bat, behin eta berriz bere ekarpena Europako historiatik ezabatua izateko.