GARA
DONOSTIA

Refractarios Kelsen enpresako langile bat hil da lanean zela bihotzekoak jota

Beste langile bat hil da lanean ari zen bitartean. Adunako Refractarios Kelsen enpresan gertatu da oraingo honetan, lanean ari zen langile bat bihotzekoak jota hil ostean, atzo LAB sindikatuak jakitera eman zuenez. LABen kontaketaren arabera, jada 21 hil dira aurten hildakoak.

«Lanean bihotzeko bat edo gaitz baskular bat izatea ez da kasualitatea», adierazi zuen atzo LAB sindikatuak Adunako Refractarios Kelsen gertatutako langile baten heriotzaren berri ematerakoan. «Horrelako istripuak lan jakin batzuetan eta baldintza jakin batzuetan gertatzen dira. Laneko presioa, estresa edo lan erritmo altuak ezinbesteko faktoreak dira, eta, kasu gehienetan, erabakigarrienak, bizi eta lan baldintzekin batera».

Ildo horretan, istripu ez traumatikoak, infartuak eta iktusak «lan istripu hilgarrien lehen kausa» bihurtu direla salatu zuen LABek. «Bost langile hil dira jada aurten bihotzekoak jota». Aurreko kasua maiatzaren 3an gertatu zen, Zornotzako Forging Steel Products enpresan.

LAB sindikatuaren esanetan, «lan istripuak, traumatikoak zein ez traumatikoak, ez dira kasualitatearen ondorio, lan harremanen, prekarizazioaren, lan araudiaren, azpikontratazioaren eta egungo lan merkatuaren ondorio dira». Hori dela eta, mezu argia helarazi zuen: «duintasunez bizi eta lan egin behar dugu, eta lanetik osasuntsu itzultzeko eskubidea dugu». LABek azpimarratu zuenez, «gizarte osoaren erantzukizuna den gaitz honekin amaitzeko modu bakarra borroka da, antolakuntza. Lan harremanak eta joko arauak aldatu behar ditugu, langileen bizitza eta osasuna beste guztiaren gainetik lehenetsiko dituen eredu berri bat ezartzeko».