Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Biden eta utopia

Europar Batasuna, K.O. egoeran. Kontinente zaharraren orubeetan sortutako egitura politikoan sinesten dugunok ere, ezin uka dezakegu erabat ahaldunduta dagoela eta Estatu Batuetatik etorri da azken kolpea.

Munduko herrialde boteretsueneko presidenteak txertoen patenteei buruz iragarritakoak nahasmena eragin eta horrekiko jarrera erakustera behartu ditu gainontzeko nazioarteko aktoreak.

Politikagintzan bizitza eman duen Joe Bidenek bide kontserbadoreari jarraituko ziola espero zen, baina Ameriketako beste edozein lekutan jazo izan balitz, iraultzailetzat joko genukeen errepublika batenak bezalako neurriak iragarri ditu. Jakin badaki bigarren agintaldirik ez duela izanen eta farmazeutiken lobbyen presioei muzin egiteko ausardiaz sentitu da. Badaki ere, behin AEBak immunizazioaren bidean egonda, mundu mailako immunizazioa lortu ezean ekonomiak ere ez duela hobera eginen. Txertoak ditugun herrialdeon ardura da txertorik ez duten herrialdeen egoera. Baina arrazoi humanitarioaz gain, txertoen kudeaketan inbertitu den diru publikoa gogoratu genezake.

Bidenen arrazoiak gure utopiatik urrun daude, baina sistema erabat eraldatu bitartean, sistemak hobeto funtziona dezan ongi etorriak izan daitezke neurriok. Hori bai, inoiz ahaztu gabe mundua behetik eraldatzera datozen urratsak direla eraginkorrenak eta ezinbestekoak.