EDITORIALA

Inboluzioa euskararen esparrura itzuli da

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Irungo Udaltzaingo zerbitzurako 12 lanposturi ezarritako hizkuntza-eskakizunak bertan behera uzteko epaia argitaratu zuen atzo, euskara ez dakitenekiko «diskriminatzailea» dela argudiatuta. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzaren Kontseiluak gogor gaitzetsi zuten epaia, eta erantzuna prestatzen ari direla iragarri zuten. Beste garai bateko ebazpena badirudi ere, esparru guztietan bizi dugun inboluzio erreakzionarioarekin bat egiten du auzitegiaren erabakiak.

Epai horrek euskaraz ez dakitenek administrazio publikoan sartu nahi izatea beste eskubide guztien gainetik jarri du. Hortaz, administraziora jotzean herritarrek ezin dutenez eurek aukeratutako hizkuntza erabili, euren hizkuntza-eskubideak zapalduak dituzte. Egoera hori saihesteko eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu ahal izateko, administrazioko langile gaituak behar dira, eta langile elebidunak dira herritar guztiei zerbitzua eman diezaieketenak. Epai horrek ez du ekuazio hori bermatzen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak urratzen ditu. Bestetik, epaiak ukatu egiten du ongizatea eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko berau euskaraz eskaini ahal izatea ezinbesteko eskakizuna dela. Ez da zaila ulertzea, esaterako, herritarrek udaltzainekin euskaraz hitz egin ezin badute euren arazoaren ulermena kaltetuta aterako dela eta horrek albo-kalteak eragin ditzakeela. Alde horretatik, euskaraz mintzatzeko aukera ukatzeak herritarren babesgabetasuna eragin eta horien segurtasuna kaltetzen du. Eta, oro har, zerbitzu publikoen kalitateak galtzen du.

Gauzak horrela, epaileek asmo politiko argiekin jokatu dute. Erabaki horrekin, euskararen normalizazioa oztopatu nahi dute, euskara bigarren mailako hizkuntza eta euskaldunak bigarren mailako herritar bilakatu. Inboluzioa orokorra da, epaileak agintean direla. Gero eta agerikoagoa da estatu eta konstituzio propiorik gabe euskarak eta Euskal Herriak ez dutela etorkizunik.