Andoni Tolosa, Morau
Musikaria

Managerrak

Rock eta pop musiken industrian ospe txarreko lanbiderik izatekotan, hori managerrarena da. Sormena negozio bihurtzeko ardura dutenez, ez da harritzekoa haien izena entzunda sortzailearen arima guztiz garbia saltzearekin zerikusia duten hamaika kontu etortzea burura. Galdetu musikariren bati eta argi geratuko da musikagintzan izan duen zortearen araberakoa izango dela managerrarekiko erakusten duen begirunea. Batik bat, zorte hori neurtzeko baremoa bidean irabazitako edo (ustez) galdutako dirua bada. Topikoak halaxe dio: Malibun etxea duen musikari bakoitzeko 5 managerrek dute beste bat. Ez naiz sekula Malibun egon; beraz, ez dakit egia ote den.

Tira, gestio kontuetan musikarien eta antolatzaileen artean bitartekari lanak egiten dituztenez ari naiz. Esker txarreko lana baita gehienetan. Moda, apeta sozial eta kontsumo ohitura aldakorrei estu jositakoa. Zorte iragankorrari atera beharreko etekin azkarrekin lotutakoa eta, zati handi batean, maila ezberdineko zenbait instituziotako bulegoetan garatu beharrekoa. Jokalekurik erakargarri eta motibagarrienak, edozein motatako sortzaileentzat. Ez mafioso, ez aingeru. Baina musikagintza “normalizatu” batean managerrak beharrezkoak dira. Gustatu ala ez gustatu, ongi ala gaizki iruditu. Edozein modutara ez nuke, egun, haien larruan egon nahiko. Mesedez, ez iezaiezue aholkatu zuen seme-alabei inongo alor artistikoko managerra izatea.