Asier ROBLES
BILBO
Entrevista
UNAI GONZALEZ
BILBOKO GAZTE TOPAKETAK

«Bilboko mugimendu eta auzo ezberdinetako gazteon borrokak batzera gatoz»

Gaur Bilboko Gazte Topaketak izango dira. Gazteek dituzten erronkentzako konponbideak bilatzea eta auzo eta mugimendu ezberdinetan ari diren gazteak biltzea dute helburu. Unai Gonzalezek, Gu Ere Bagara Bilbo-ko kideak, topaketen nondik norakoak azaldu dizkio GARAri.

2008ko krisia eta orain covid-19ak eragindakoa… Zein egoeratan daude gazteak eta nolakoa da haien etorkizuna?

Gaur egungo gazte belaunaldia 2008ko krisiaz geroztik hartutako neurrien ondorioz prekarizazioa jasaten hasi den belaunaldia gara. Eta horrek sortzen digu gure bizi proiektua garatzeko ezintasuna: Lan duina lortzeko edo emantzipatzeko zailtasunak, besteak beste. Orain badator beste krisi bat, berez badena kapitalismoan ziklikoki gertatzen den krisialdietako beste bat, baina pandemiak bizkortu egin du, eta arinago etorri zaigu. Horrek gure prekarizazioa sakontzeaz gain, orain, epe laburrean, aisialdirako zailtasunak ekarri dizkigu, gazteak kriminalizatzera helduz. Egoera nahiko kaskar batean gaude, eta etorkizun laburrean gutxienez norabide beretik doa kontua.

Zer erantzuten diozue «dagoena hartu behar» eta halakoak esaten dituztenei?

Argi dago egoera ez dela nahi genukeena eta gure bizitzan ez daudela nahi genukeena egiteko baldintza egokiak. Baina horren aurrean ezin gara konformismoan erori, eta beharrezkoa da guk jasaten dugun egoera hori aldatzeko antolatzea eta borrokatzea.

Zergatik ekin diozue Gazte Topaketak antolatzeari? Nola sortu zen egitasmoa?

2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira Gu Ere Bagara Bilbo sortu genuen. Egun horretan aldarri zabal batzuen inguruan gazte asko mobilizatu ginen baina, era berean, egun horrek zailtasunak izan zituen gazte geruza jakin batzuetara heltzeko. Gu Ere Bagara Bilbo sortu genuenetik, dinamika ezberdinak proposatzen gabiltza eta aurten Bilboko Gazte Topaketak egitea bururatu zitzaigun, mugimendu eta auzo ezberdinetako gazteak batzeko espazio bat eskaintzeko, iritziak trukatzeko eta etorkizunera begira lan egiteko oinarri bat finkatzeko.

Zein arazo dituzte Bilboko gazteek?

Asko daude. Guk, topaketak prestatzeko prozesuan, arazo ezberdinen inguruan hausnartu dugu eta asko eta asko identifikatu ditugu. Marjinalitatea, gizarte ezberdintasunak, aisialdia, espazioa, gaitasun ekonomikoak... Orokorrean, uste dugu Bilboko gazteok jasaten ditugun arazoak Bilbon indarrean dagoen hiri ereduaren ondorio direla. Kapitalismoaren isla.

Zer helburu dute topaketek?

Borroka sektorial ezberdinetan edo auzo ezberdinetan dabiltzan gazteak batzeko topaketak dira; bizi dugun egoeraz eta ditugun problematikez hausnartzeko eta elkar ezagutzeko. Helburua aurrera begira era natural eta positibo batean lanean jarraitu ahal izateko oinarri bat jartzea ere bada.

Mugimendu ezberdinen arteko zubiak eta aliantzak eraikitzeak garrantzi handia duela nabarmendu duzue.

Batera jardunez eragiteko gaitasun handiagoa dugula uste dugu. Badago gazteen eta langileen aurkako oldarraldi bat, eta horri erantzun bat eman behar zaio, eta uste dugu batera jarduten indar korrelazioak hobetuko ditugula eta eragiteko gaitasun handiagoa izango dugula, inor atzean utziko ez duen mugimendu bat sortuz.

Zer motatako hiria aldarrikatzen duzue?

Bizi garen herri honetan, egiten diren gauzak kapitalaren mesederako dira; horren adibide dira makrojaialdiak edota Eurokopa hona ekarri nahi hori. Guk horren ordez, hiri eredu plurala eta inklusiboa defendatzen dugu, arrazakeriarik gabekoa, balio feministetan oinarritua, ingurumenarekiko jasangarria eta batez ere gazteen beharrak kontuan izango dituena. Gaur egun, gazteon iritzia zokoratuta dago eta ez da kontuan hartzen.

Zer garrantzia izango du Bilboko gazteriak prozesu eraldatzailean?

Prozesu eraldatzaileetan gazteria beti izan da agente aktibo eta horrela izan beharko luke, azkenean eraldaketa prozesu horren ondorio nagusiak guk biziko ditugulako. Horrez gain, uste dugu Bilbo, Euskal Herriko metropoli nagusia izanik, oso garrantzitsua dela, eta horregatik Bilboko gazteriak politikoki aktibo den gazteria izan behar du.

Nolakoa izan da Topaketak antolatzeko prozesua?

Lau edo bost hilabete daramagu antolatzen eta prozesua oso aberasgarria izan da. Batzar irekien bidez funtzionatu dugu, eta bertako parte hartzea nahiko positiboki baloratzen dugu, askotariko jendea hurbildu delako. Iritziak trukatzeko oso baliagarriak izan dira batzarrak. Prozesuan zehar, herri mugimenduko beste mobilizazioetara batu gara; adibidez, Gestampeko langileekin, pentsiodunekin, Bolintxuren aldeko borrokan...

Topaketen ondoren zer?

Ez daukagu guztiz argi, baina agerikoa da hurrengo urteetan biziko dugun egoera ez dela erraza izango eta espero dugu topaketak balio izatea minimo komun bat sortzeko eta aurrera begira lankidetzarako oinarriak jartzeko. Etorriko denaren aurrean hori da gure eskubideak eta bizi baldintzak defendatzeko daukagun aukerarik onena.