Esti EZKERRA
Literatur kritikaria

Gazteak (I)

AEBetara ikasle joandako klase ertain eta ertain-altuko nigeriarrek aurre egin behar dioten arrazakeria eta Afrikari buruzko aurrejuzguak ezin hobeto azaltzen dituen “Americanah” (2013) bere nobelako protagonista bezala, feminismo beltzaren ikur eta bozeramaileetako bat bihurtu da Chimamanda Ngozi Adichie. Dela bere web orrian dela TED hitzaldietan, maiz eta irmoki azaldu du emakumeen eskubideen aldeko bere ikuspegia, eta bere testu zein hitzaldi horiek oihartzun handia izan dute gizarte sareetan zein mundu akademikoan. Duela hilabete batzuk, ordea, Lagosen (Nigeria) zuzentzen duen idazle hasiberrientzako tailerretik igarotako bi lagunek Adichiek babesten duen feminismoa kritikatu dute transfobia bultzatzen duelako. Izan ere, idazleak esan izan du emakume transgeneroak ez direla emakume-emakumeak eta, beraz, ez dituztela emakumezko sexu-organoak dituzten horien antzeko arazoak. Asteon erantzun die transfobia salaketei Adichiek, modu bitxian erantzun ere. Belaunaldi gazteek benetan pentsatzen dutena esateko askatasuna galdu dutela dio bere web orrian argitaraturiko testuan, gizarte sareen eraginez eta presioz “politikoki zuzena” esatera behartuta daudelako. Hots, kritikatzen duten horiek kritikatzen ditu Adichiek egin dioten kritika benetakoa ez dela egotzita. Jakina da dagoeneko idazle nigeriarrak ez dituela kritikak ondo hartzen, ezta kritika horiek zentzuzkoak direnean ere. Nobelagile aparta izateak ez du bat gai guztietan aditu egiten, ezta gatazketan “zuzen dagoen alderdian” kokatzen ere.