Jokin ETXANIZ
Aspeko kirol zuzendaria

Ea nork eramaten duen aurkaria bere eremura

Aste nahasi xamarrak izan dira finalaren aurreko hauek. Pena handia da Iñaki Artolak min hartu izana, baina legedia horrela dago eta gu ahalik eta hobekien prestatzen saiatu gara eta iruditzen zait biak momentu onean heltzen direla. Nik uste Beñat Rezusta lasai dagoela. Lehen egunetik esan zuen Iñakik jokatzea nahi zuela; badaki nola heldu zaion final hau, baina finalean badago bere merituak egin dituelako da. Txapelketa handi bat egin du. Alde horretatik, final ireki bat aurreikusten dut. Bi joko moldeak desberdinak dira eta ea nork lortzen duen bestea bere eremura eramaten; hor egon daiteke koxka.

Alde horretatik, finalak Altunaren Zabaletaren aurkako finalerdiaren antz pixka bat izan dezake eta bertan ikusi zen Jokin oso ondo dagoela eta bere aukerak aprobetxatu zituela. Erremateaz harago, pilotakada handiak jotzen ari da, ondo gozatzen ari da eta aurkariak airez sartzera behartzen ari da. Denak adi daude jokaldi bat edozein unetan egin dezakeelako, baina pilota luze jotzen ere asmatzen ari da eta oso zaila da haren aurka jokatzea. Esan ohi da bere lekutik atera behar dela, baina duen defentsarekin gaur egun ez du pilotarik bian uzten eta ez da gauza bera bitik eraso egin edo lau eta erditik egitea.

Azkenaldian entzun izan dut oldarkorrago ari ote den, baina nik uste antzera xamar jokatzen duela. Baina bai ikusten diot urtetik urtera garapen handia eman duela fisikoki. Heldutasuna hartzen ari da. Gorputza ere zailtzen ari da; lehen tarteka jotzen zuen pilotakadaren bat zazpira eta orain askoz maizago egiten du; ezkerrez ere bostetik bostera bidaltzen du pilota eta lehen gehiago kostatzen zitzaion.

Eta Rezustaren inguruan esango nuke ondo heltzen dela finalera, isilean lan egin du, foku askorik gabe bere gainean eta agian Artolaren aurka ikusi nuen deserosoen, baina aurkaria ere maila handian aritu zen orduan. Aurten Binakakoan ez zen gustura geratu egindako lanarekin eta hasiera batean ez zekien Buruz Burukoan parte hartu edo ez, zalantzak zituen ea eskuak nola erantzungo zion, baina entrenatzen hasi eta gustura aurkitu zen eta, begira, finalean dago. Alde horretatik pixka bat iazko Erik Jaka gogorarazten dit: hark ere lehen entrenamenduetan zalantzak zituen arazo fisikoak tarteko, entrenatzen gustura sentitu eta azkenean txapeldun irten zen.