GARA
FITXAKETA

Irene Paredesek Bartzelonan jokatuko du

Aspalditik zetorren zurrumurrua atzo baieztatu zen: Irene Paredesek Bartzelonan jokatuko du datorren denboraldian. Zehazki esanda, atzelari legazpiarrak bi urterako kontratua sinatu du talde katalanarekin.

Realean eta Athleticen jokatu ostean, Paredesek PSGn eman ditu azken bost denboraldiak eta taldeko jokalari garrantzitsuenetakoa izan da denbora horretan. Lorpenik aipagarriena azken denboraldian iritsi da, PSGk Frantziako Liga irabazi baitu bere historian lehen aldiz, orain arte Lyongo Olympiquek ezartzen zuen agintea hautsiz. 2018an Frantziako Kopa ere irabazi zuen Paredesek eta Txapeldunen Ligako finala jokatzea zer den ere badaki gipuzkoarrak.

Hain zuzen ere, aurten Txapeldunen Liga irabazi duen taldera –Espainiako Liga eta Kopa ere bai– iritsiko da orain legazpiarra. «Oso pozik nago. Talde hau historia egiten ari da, proiektua oso interesgarria da, eta horrela jarraitzea espero dut», adierazi zuen 30 urte bete berri dituen atzelariak.

«Athleticen jokatzen nuenean aurkari izaten genuenarekin alderatuz, erabat desberdina da egungo Bartzelona. Asko hazi da arlo guztietan eta nik ere sufritu dut PSGn», gaineratu zuen.