USURBIL
Entrevista
OLATZ LASAGABASTER ETA PATXI URANGA
PRESO OHIAK ETA XUA ETA MADDIREN GURASOAK

«Espetxea askoz espetxeago bihurtu zen guraso izan ginenean»

Aske dira Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga usurbildarrak, hamabi urteko espetxealdia atzean utzita. Xua eta Maddi alabak kartzelan izan zituzten eta Xua amarengandik banandu zuten hiru urte zituela.

Urteak dira, baina zuek ondo gogoratuko duzue 2009ko San Juan bezpera, atxiloketaren eguna.

PATXI URANGA: Ezusteko bisita izan genuen.

Olatz LASAGABASTER: Goizeko ordu bietan atea bota zuten eta bai, berezia izan zen.

P.U.: Euskal Herriko etxe askotan, urte askotan bezala…

Espetxeak banandu egin zintuen.

O.L.: Soton egon ginen bitartean bitan-edo ikusi ginen. Gizonak eta emakumeak elkarrekin ateratzen dira isolamenduan eta elkarrekin ateratzeko aukera izan genuen, baina berehala komunikazioak eskatu genituen gure artean eta 15 egunetara banatu gintuzten. Patxi Valdemorora eraman zuten eta ni Avilara.

P.U.: Erakundeak su-eten definitiboa eman zuen eta kalean jendea oso baikor zegoen. Esan ziguten izateko baikorrak, dena aldatu zela. Guk ez genuen errealitate hori bizi. Amaiera definitiboa eman eta automatikoki estutu gintuzten, oraindik gehiago. Sentsazio arraro bat zen: jendea baikortasuna eskatzen zegoen eta guk kontrakoa bizi genuen. Gure kasuan oso mingarria zen, bi urte eta erdi baikeneramatzan bananduta. Berriro urte eta erdi banandu gintuzten eta, horrela, lau urte eta erdira arte.

Guraso izateko urratsa ematea erabaki zenuten; bi alaba dituzue egun. Espetxeak zein neurritan baldintzatzen du horrelako erabaki bat hartzeko orduan?

O.L.: Niretzako erabat. Kalean egonda ere pentsatzen genuen, bagenekielako agian egunen batean atxilotuko gintuztela. Nik Patxiri esaten nion bertigo handia ematen zidala espetxean ama izateak. Baina bizitzan egoera bat bizi arte ez dakizu nola moldatuko zaren eta zer erabaki hartuko duzun. Espetxeratu gintuztenean eta Patxik esan zidanean berak aurrera egingo lukeela, esan nuen, bale. Badakizu zailtasun pila bat izango dituzula espetxean, eta umeari ere eragingo diela. Nik beti esaten dut niretzako espetxea askoz espetxeago bihurtu zela ama izan nintzenean.

P.U.: Zaurgarriago bihurtu ginen. Guraso izan arte, espetxean liskarrak-edo baldin bazeuden, edo funtzionarioekin, bost axola. Baina Xua izan genuenean, esaten nuen, egin iezadazue nahi duzuena, irribarrea ez didazue kenduko, amets bat bete dugu jada. Baina, era berean, edozein arazoren aurrean ezin genuen lehen bezala jokatu, ondorioak kaltegarriak izan baitzitezkeen umearentzat, ez guretzako bakarrik.

Olatz, esan duzu espetxea espetxeago bihurtu zela ama izaterakoan. Kartzelak ez daude amatasunera egokituta?

O.L.: Hasteko, kartzelak gizonentzat prestatuta daude. Emakumeak beti baldintza okerragoetan gaude, alderdi guztietan. Presoaren irudia edo erakundeko militantearen irudia beti gizonezkoarena da. Jendeak pentsatzen du gizonen moduluetan askoz liskar gehiago daudela, askoz bortitzagoa dela hango bizimodua, eta inondik inora. Horretaz aparte, emakumearen kasuan, emakumea berriro hezi beharra dago. Gizonak, bere testosteronarekin, badu legeak eta arauak apurtzeko eskubidea-edo, baina legea errespetatzen ez duen emakume bat berriro bere bidera sartu behar da. Espetxeak badu hori emakumeekiko. Ama izaten zarenean, oso jarrera paternalista dago, badirudi han egote hutsagatik ez zarela gai zure seme edo alaba behar den bezala hezteko. Eta eguneroko traba horiek guztiak, zuri eragiten dizkizuenak, eragina daukate zure seme edo alabarengan. Horregatik diot espetxeago bihurtzen dela. Lotuago zaudelako. Edozein gauza eginez gero, umea kentzeko mehatxua gainean duzu.

Nola gogoratzen duzu haurdunaldian eta erditzearen prozesu osoan zehar bikotekidea ondoan ez izatea?

O.L.: Haurdunaldia eta erditzea, eta gero heziera, bakarrik pasatzen duzu. Baina niretzako prozesu guztia oso polita izan da. Hau agian jendeak ez du ulertuko, baina uste dut kartzelan egonda eguneko 24 orduak zuretzako eta zure burua zaintzeko edukitzea, modu batean, luxu bat dela. Oso modu kontzientean bizi izan dut prozesu guztia.

Ez dakit kontakizuna bestelakoa den zure kasuan, Patxi. Nola bizi izan zenuen zuk aitatasuna?

P.U.: Bizi nuen intentsitatez, ilusioz, kezkaz; ez dakit, ez nuke jakingo hitz batekin esaten. Inpotentziarekin ere bai. Zain eta zain. Momentu askotan sentitzen nuen ez nintzela kontziente aita izatera nindoala; ez nuen ikusten, ez nuen ukitzen. Xua ezagutu nuen jada hiru aste zituela, Olatz erditu zenean ni Fontcalenten bainengoen. Umea lehenengo aldiz ikusi nuen, hamar minutuz, eta ostras! Nire alaba da, gure alaba da. Orduan hasi nintzen pixka bat kontziente izaten.

Gerora zenbatero ikusten zenuen Xua?

P.U.: Astearteetan ia ordubete eta ostiralean senideekin, beste ordubetez. Eta hilabeteroko bisean bisekoa. Olatzek kalkulu bat egin zuen eta nik urte osoko bisitak eta bisean bisekoak behar nituen berak Xuarekin pasatzen zuen aste bat osatzeko. Bestalde, Olatzek esan du espetxea maskulinoa dela eta ados nago. Baina beste atal bat ere badago, aita diren presoena. Ez gara existitzen.

Xuak hiru urte beteko zituen eguna, 2020ko urtarrilaren 19a, egutegian ondo markatuta izango zenuten. Legeak dioenaren arabera, Xuak espetxean eman behar zuen azken eguna.

O.L.: Hiru urte pasatzen dituzu umearekin espetxean, kalea ateratzen den tarte horiek kenduta, 24 orduz. Eta bat-batean erauzi egiten dizute. Oso gogorra da. Eta saiatzen zara, hiru urte pasatzen dituzu mentalizatzen, badakizu momentua iritsiko dela. Baina ailegatzen denean, uf! 2020ko urtarrilaren 19a nire bizitzako egunik okerrenetako bat izan zen. Baina bagenekien 17 hilabetera aterako ginela

P.U.: Xuaren kasuak oihartzun mediatikoa izan du, baina badira kasu okerragoak. Xuak lagundu du azaleratzen haur motxiladunen egoera. Baina zentzu batean gu pribilegiatu batzuk izan gara. Gogorra bazen ere, 17 hilabeteetako kontua izan zen.

2020ko urtarrilean iritsi zen Xua Usurbilera. Pandemia etorri zen gutxira; horrek are gehiago zaildu zuen alabarekin egoteko aukera.

O.L.: Atera zenetik gu azaroaren 6an atera ginen arte, bisean biseko bakarra egin genuen, otsailean Aranjuezen. Maddi jaio zenean utzi zioten amarekin batera ospitalera sartzen ordu erdiz eta hurrengo egunean hamar minutuz. Ia hamar hilabeteko epean, Patxik behin ikusi zuen eta nik hirutan; Patxik ordu eta erdiz eta nik bi orduz.

Urtarrilean atzean utzi beharko ditu gurasoak Izadi txikiak. Zuen bizipenetik, bere gurasoentzako zein izango litzateke mezua?

O.L.: Oso zaila egiten zait mezu bat helaraztea. Hain da momentu gogorra eta hain da pertsonala; zer esan behar diozu egoera horretan dagoen pertsonari? Animo esan behar diozu? Motzegi da, hotzegi. Ez du balio. Ez dago mezurik eta ez dago hitzik.

Zein izan daiteke irtenbidea zuek bizi izan zenuten esperientzia beste inork ez bizitzeko? Familia-moduluen aukera aipatu izan da.

O.L.: Niretzako familia-moduluak oinarria izan beharko lirateke, bikotea espetxea dagoen kasuetan umearekin egoteko aukera izateko. Kontua da legeak oso zorrotz esaten duela umeak hiru urte betetzean espetxetik atera behar duela. Badago beste aukera bat; zaintzapeko pisuak, espetxeak kudeatzen dituenak. Bertan, umeak sei urte bete arte egon daitezke. Baina, noski, zigor luzea daukaten amen kasuan, horrek ere ez du balio. Umea denbora gehiagoz espetxean edukitzea ere, niretzako ez da batere erraza. Uste dut hiru urterekin jada espetxea oso txiki geratzen zaiela. Xuarekin konturatu nintzen espazio hori itogarria egiten zitzaiola. Igande edo astelehenetan espetxera bueltatzen zenean, asteburua kalean pasatu eta gero, asteazken gauean jada esaten hasten zen kalera atera nahi zuela. Uste dut espetxea ez dela inorentzako tokia eta ume batentzat gutxiago. Irtenbidea zaila da. Irtenbidea litzake amei kalerako irteerak erraztea.

2020ko azaroan etorri zitzaizuen ezusteko albistea. Hirugarren graduaren onarpena eta Aranjuezetik Martutenerako bidea.

P.U.: Ni akordatzen naiz bazkaltzen ari nintzela deitu zidatela segurtasuneko zuzendariordearen partez orri bat sinatzeko, banindoala hiruzpalau eguneko baimenarekin kalera. Baina Madrilen kalera etxekoek ezer jakin gabe? Pikutara bidali nituen. Azkenean, Fontcalentetik ezagutzen nuen funtzionario batek deitu zidan eta esan zidan «ez, Patxi, ez dute esan nahi baina ez zatoz hona bueltan, Martutenera zoaz. Ez zoaz lau egunetarako, Euskal Herrira zoaz».

Azken hilabeteak mugimendu askokoak izaten ari dira presoak lekualdatzeari dagokionez. Nola ikusten duzue?

P.U.: Gure ustez harago joan beharko litzateke. Gure nahia? Espetxeak apurtzea. Baina errealistak izanda, eta onartzea kosta zaigun arren, ez zaigu beste biderik geratzen.