EDITORIALA
EDITORIALA

Legeak esaten duena esaten duela, zuzena egin

Asteburuan Senatu frantsesak onartu ostean, osasun ziurtagiria gero eta esparru gehiagotan derrigorrezkoa bihurtuko duen lege proiektua aurrera doa. Dokumentu horren bidez, herritar batek txertaketa guztia osatu duela, gaixotasuna pasatu duela edo aurreko 48 orduetan koronabirusean negatibo eman duela ziurtatu ahal izango du. Senatariek testuan aldaketak sartu dituzte, zenbait baldintza moteltzeko asmoz. Edonola ere, neurri zorrotzak ezartzen dituen legea da. Besteak beste, osasun langileak txertatzera behartuko ditu, ez badute egiten zigorrekin mehatxatuz. Sartu dituzten moldaketak direla medio, ordea, ezingo dituzte horregatik kaleratu. Toki publikoetan bezeroek ziurtagiria erakutsi beharko dute eta jabeek edo langileek ziurtagiria eskatu beharko dute.

Txertoen gaineko eszeptizismoa aspalditik dago hedatua frantses estatuan. Adibidez, osasun langileen %40 besterik ez da koronabirusaren aurka txertatu. Industria farmazeutikoaren interesak gardenak dira eta, txertoek suposatzen duten garaipen zientifikoaz harago, estatuen eta enpresa horien arteko kolusioa ere nabarmena da. Puntu honetan ez da konspiraziorik behar, neoliberalismoa argia baita bere helburuetan. 3. dosiaren eztabaida, edo adingabekoena, sostengatzen zailak dira pandemia globala denean eta munduan txertaketaren abiadura hain motela denean. Herrialde txiroetan, adibidez, ez da populazioaren %2ra heltzen. Pribilegiodunen eztabaidak itsusiak dira orain. Erakundeekiko mesfidantza gorantz doa eta ultraeskuinaren indartzeak efektu zitalak ditu eztabaida publikoan. Adibidez, edozeri deitzen zaio «askatasuna».

Gobernuen jokabide arduragabeek ez lukete komunitatearen zaintzan egin beharreko esfortzua zapuztu beharko, baina ez diote mesederik egiten. Legeek esaten dutena esaten dutela, guztion hobe beharrez norberaren esku dagoena egin behar da. Kritikoki, nahi bada, baina egin. Zientziaren, osasun publikoaren eta askatasunaren alde egin.