EDITORIALA
EDITORIALA

Eliza katolikoa, edozein higiezin jabe bezala

Bilboko Elizbarrutiak Carlos Aguiriano, esklerosi anizkoitza duen Begoña auzoko 61 urteko gizona, kaleratzeko ahaleginetan jarraitzen du. Aguirianok urteak daramatza orain gotzaindegiarena den etxebizitza batean bizitzen. Hainbat kontakturen ondoren, ez ziren ados jarri eta Elizak auzitara jo du, eta epaitegiak, espero zen moduan, arrazoia eman zion atzo. Maizterrari errekurtsoa jartzeko aukera geratzen zaio orain. Nolanahi ere, oso larria da gertatzen ari dena, hainbat arrazoirengatik.

Alde batetik, Eliza katolikoak, higiezinen jabe oso garrantzitsua izateaz gain, konkordatuari esker Estatuarekin pribilegiozko harremana du. Halako jabe boteretsu batek, teorian irabazia bilatzen ez duenak, akordio batera iritsi beharko zukeen maizterrarekin. Beste gauza bat da nahi ez izatea edo, diskurtsoak gorabehera, onurarik handiena bilatzea lehenestea eta, horretarako, gauzak muturreko egoera batera eramatea. Edozein modutan, jarrera lotsagarria. Beste alde batetik, inguruko etxeak, urteak hutsik eman ondoren, Elizbarrutiak Gasteizko Gobernuari saldu zizkion, Aguiriano bizi den etxea izan ezik. Ematen du Elizak ez dituela etxebizitza horiek nahi. Aguirianoren etxebizitzarekin egin duen salbuespenak adierazten du Lakuako Gobernuak ez duela maizterrari beste bizileku bat emateko erantzukizuna bere gain hartu nahi. Horrela, Euskal Herriko higiezinen jabe handienetako bik ezin diote maizter bati zentzuzko irtenbidea eman, eta indarraren bidea aukeratu dute. Agintari hauek dira, legearen arabera, etxebizitza eskubidea bermatu behar dutenak.

Azkenik, pasa den astean Gasteizko kasu batek agerian utzi zuenez, legea gorabehera kaleratzeek jarraitzen dute, sarritan irtenbide alternatiborik eman gabe. Kasu askotan, gainera, atzean ez daude funts putreak, bestelako jabe txikiagoak edo, Bilboko kasuan bezala, Eliza katolikoa. Baina orain isilka egiten dira, instituzioen konplizitatearekin. Kaleratzeak amaitu eta etxebizitza eskubidea bermatzeko erantzukizun politikoa hartu behar da.