Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Espazioa (II)

Tira, zortzi minutu iraun zuen Bezosen espaziorako bidaiak; zutabegile batek idatzi bezala, arrautza bat egosteko behar den adina denbora gutxi gorabehera. Baina kontua zera da, nork duen halakorik egiteko aukera. Diotenez 5,5 bilioi dolar inguru ordaindu omen ditu Amazoneko presidenteak bere gustuko espazio-ontzia eraiki eta bidaia antolatzeko (orain arte anonimotasunari heldu dion norbaitek 28 milioi dolar ordaindu zituen enkante batean espazio-ontzian eserleku bat lortzearren). 37,5 milioi pertsonarentzako janaria erosteko adina diru, alegia.

Bidaiatxoari ekin aurretik, Amazoneko enplegatuei (ederki esplotatzen dituen eta lanordu zein soldata duinagoen alde borrokatu ahal izateko sindikatzea debekatu dien horiei) eta bezero guztiei (zeharka bada ere, konpainiari jarraipena ematen dioten horiei) eskerrak eman zizkien Bezosek, bere hitzetan, haiek guztiek ordaindu dutelako bere bidaia. Batzuetan zintzotasuna zinez da iraingarria. Tonu transzendentalagoa hartuta, estatubatuar aberatsak gogoan hartu zituen bere aurretik espaziora joan ziren horiek eta nola haien hitzetan bidaiak aldatu egin zituen. Ez zuen zehaztu berak ere inolako aldaketarik espero zuen. Dena den, hainbatek, Bezosen jokabidean aldaketaren bat baino gehiago, behin lurraren orbita utzita enpresariari itzultzeko baimena ukatzea espero zuten eta horren harira Change.org atariaren bidez sinadurak biltzeko eskaera bat zabaldu zuten. Badira Bezosi aurre egiteko modu eraginkorragoak, ordea. Amazoni planto egitea, esaterako.