GARA
Durango

Zornotzako erasoagatik Barakaldon atxilotutako gizona, espetxera

Epaitegira eraman zuen atzo Ertzaintzak Zornotzan gazte bati emandako jipoiarengatik atxilotutako bederatzigarren pertsona, eta guardiako epaileak espetxera bidali zuen, fidantzarik gabe. Atzo bertan hamargarren pertsona bat atxilotu zuen Guardia Zibilak Medina de Pomarren (Burgos), eta EAEko poliziaren esku utzi. Bestalde, familiak ospitalean larri dagoen gaztea osatzeko «itxaropena» mantentzen duela nabarmendu zuen.

Guardiako epaileak behin-behineko espetxealdi komunikatua, eta fidantzarik gabea, ezarri zion atzo larunbatean atxilotutako gizonari, duela astebete 23 urteko gazte bati Zornotzan (Bizkaia) egindako taldeko erasoan parte hartu zuelakoan. Atzokoarekin, dagoeneko hiru dira kartzelan sartu dituzten gizonak. Eraso bortitza pairatu zuen gazteak, bestalde, Gurutzetako ospitalean jarraitzen du, Barakaldon, oraindik larri.

Hirugarren kartzelatua Barakaldoko Udaltzaingoak atxilotu zuen larunbatean. Ikerketaz arduratzen den Ertzaintzaren esku gelditu zen larunbatean bertan, eta atzo Durangoko epaitegira eraman zuten. Bertan, behin-behineko espetxealdia –komunikatua eta fidantzarik gabea– agindu zuen guardiako epaileak.

Hamargarren atxilotua

Larunbatekoa, ordea, ez da Zornotzako erasoarekin lotutako azken atxilotua. Izan ere, atzo bertan Guardia Zibilak 18 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuen Medina de Pomarren, Burgosen. Zornotzako talde erasoagatik azken egunetan egiten den hamargarren atxiloketa da. Atxilotuak aurrekariak ditu lapurretengatik, eta Ertzaintza bere bila zebilen.

Guardia Zibilak atzo bertan utzi zuen azken atxilotu hori EAEko poliziaren eskuetan, Barne Sailak jakitera eman zuenaren arabera. Hurrengo orduetan eramango dute Durangoko epailearen aurrera.

Asteburuko bi atxiloketen aurretik, Ertzaintzak zortzi gizonezko atzeman zituen aurreko ostegunean. Atxilotu guztiak 15 eta 38 urte bitartekoak dira, eta Ertzaintzak gazte-talde biolento bateko partaide izatea egozten die. Atxiloketak Erandion, Bilbon eta Barakaldon egin ziren, eta gehienek aurrekariak zituzten, baina polizialak soilik –ez dute kondena judizialik, alegia–.

Ostegunean atxilotu zituztenen artetik bakarrik hiru ziren adinez nagusiak, eta horietatik bi espetxera bidali zituen epaileak, eta hirugarrena aske geratu zen, hilean behin epaitegian aurkezteko betebeharrarekin. Beste bost atxilotuak adingabeak ziren, eta horietariko lau adingabeen zentroetan sartu zituen epaileak.

Justizia eta itxaropena

Gurutzetako ospitalean jarraitzen duen gaztearen amak deklarazio laburrak egin zituen atzo Radio Euskadin, bere semearentzat justizia eskatuz. Erasoaren arrazoiak ezin ulertuta daudela azpimarratu zuen, eta, gaztearen lesioak larriak diren arren, onik aterako den «itxaropena mantentzen» dutela adierazi zuen.

Aurreko igandekoa ez da Zornotzan azken asteetan izan den gertaera bortitz bakarra. Aurreko asteetan hainbat eraso matxista eta homofobo salatu dituzte, eta, horiei guztiei aurre egiteko, kontzentrazio «antimatxunoa» deitu zuten aurreko ostegunean, “Hau ez da eraiki nahi dugun herria” lelopean. Mobilizazioak jendetza bildu zuen, eta bertaratutakoek «maskulinitate eredu oldarkorrarekin eta matxistarekin bukatzeko» deia egin zuten.

Lemoan ere, erasoa jasan zuen gaztearen herrian, kontzentrazio jendetsu baten bidez gaitzetsu zuten gertatutakoa.