GARA
bilbo

Espetxe agindua Zornotzan gazte bat jipoitzeagatik atxilotutako azkenarentzat

18 urteko gizonezko bat kartzelan sartzeko agindua eman zuen atzo Durangoko Epaitegiak. Guardia Zibilak atxilotu zuen, Zornotzan gazte bati egindako erasoan ustez parte hartzeagatik.

Medina de Pomarren (Burgos) Guardia Zibilak igande honetan atxilotu zuen 18 urteko gaztea kartzelan sartzeko agindu zuen atzo epaileak, Zornotzan 23 urteko gazte lemoaztar bat taldean jipoitzeagatik. Auzi honetan atxilotu zuten hamargarren pertsona da honakoa, eta neurri prebentibo gisa espetxeratuko duten laugarrena.

Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, kasuaz arduratzen den Durangoko epaileak agindu zuen Zornotzako auziarengatik atxilotutako azkenak Basauriko kartzelan sartu behar duela.

Azaldu zuen, halaber, kasu honen ikerketak, indarkeriaz jarduten den gazte talde batekin zerikusia duten 10 pertsona atxilotzera eraman dituena momentuz, irekita jarraitzen duela.

Ertzaintza azken atxilotuaren bila zebilen, erasoan parte hartu zuelakoan, baina Guardia Zibilak aurkitu zuen igandean Medina de Pomarren, Burgosen. Polizia autonomikoaren esku utzi zuen ondoren. Lapurretagatik aurrekariak ditu gazteak.

Erasoa

Erasoa uztailaren 25eko goizaldean gertatu zen eta biktimak oraindik koman jarraitzen du Gurutzetako ospitalean.

Ikerketaren arabera, erasoaren egileak Koala Anaiak izeneko gazte talde batekoak dira.

Pasa den ostiralean, epaileak eraso honengatik atxilotutako adin nagusiko hiru gizonetatik bi kartzelan sartzeko agindua eman zuen, eta hirugarrena aske geratu zen, hilean behin epaitegian aurkezteko betebeharrarekin.

Hirurak agertu ziren kasuaz arduratzen den Durangoko epaitegian, eta horietako bik, epaileak fidantza gabeko behin-behineko espetxeratzea agindu zienak, ez zuten epailearen aurrean deklaratu.

Hirugarrenak, 38 urtekoak, deklaratu zuen. Aske geratu zen gero, hilero epaitegian aurkezteko baldintzarekin. Bere adierazpenetan esan zuen ez zuela erasoan parte hartu.

Pasa den igandean agindu zuen Durangon kasuaz arduratzen den epaileak adinez nagusia den beste ustezko erasotzaile baten espetxeratzea.

Beste bost atxilotuak adingabeak dira. Fiskaltzan aurkeztu ostean, horietako lau adingabeen zentroetan sartu zituzten. Beste bat karguekin aske utzi zuten.

Hamar dira orotara atxilotutakoak, 15 eta 38 urte bitartekoak. Atxilotuta edo ikerketapean dauden pertsonak, bestalde, hogei dira orotara.