GARA
Londres

227 ekologista hil zituzten 2020an, eta Kolonbiak ditu daturik okerrenak

Global Witness gobernuz kanpoko erakundeak ekologisten aurkako 227 eraso hilgarri erregistratu zituen 2020an, hau da, astean lau pertsona baino gehiago hil zituzten batez beste. Hori horrela, euren etxeak, lurra eta bizibideak defendatzen dituztenentzat urterik arriskutsuena izan zen 2020a beste behin –2019an 212 hilketa izan ziren–. Kolonbia izan zen zorigaiztoko zerrenda horren buru.

Gobernuz kanpoko erakundeak adierazi duenez, krisi klimatikoa areagotu ahala –basoetako suteekin, nekazaritza lurrak suntsitzen dituzten lehorteekin edo uholdeekin–, komunitateen eta lurraren defendatzaileen egoerak okerrera egiten du etengabe. Eta pandemiak, krimenak murriztu beharrean, ekologistak itu errazago bihurtu zituen, etxean itxita zeudelako.

Txostenaren arabera, ingurumenaren lau defendatzaile hil dituzte astero klima aldaketari buruzko Parisko Akordioa sinatu zenetik (2015), baina litekeena da gehiago izatea. Gutxienez erasoen %30 baliabideen ustiapenarekin lotutakoak izan dira, besteak beste, baso mozketa, presa hidroelektrikoak, meatzaritza eta eskala handiko agroindustria. Baso mozketa izan zen, erakundeak azaldu duenez, 2020an heriotza kopuru handienarekin lotutako jarduera, 23 kasurekin, Brasilen, Nikaraguan, Perun eta Filipinetan zehazki.

Datuok agerian uzten dute krisi klimatikoaren aurka borrokatzeak karga bat dakarrela basoak, ibaiak eta biosfera salbatzeko bizia arriskuan jartzen dutenentzat. Kolonbiak, Mexikok eta Filipinek izan zituzten iaz hilketa gehien, 65, 30 eta 29 hurrenen hurren. Honakoak dira zerrendako gainerako herriak, Latinoamerikakoak asko: Brasil (20), Honduras (17), Kongoko Errepublika Demokratikoa (15), Guatemala (13), Nikaragua (12), Peru (6), India (4), Indonesia (3), Hegoafrika (2) eta Thailandia (2).