Ion SALGADO
DONOSTIA

«Gezurra berdaderoa», Bertol Arrietaren lehen nobela

Bertol Arrietak «Gezurra berdaderoa» izenburua duen nobela aurkeztu zuen atzo Andoainen. Egun batetik bestera guztia galtzen duen adin ertaineko gizon baten bizitzan oinarritutako komedia bat da, idazleak nabarmendu zuenez, «komedia erotiko samarra».

gara-2021-09-14-Noticia

Elkar argitaletxeak Bertol Arrietaren lehen nobela aurkeztu zuen atzo, “Gezurra berdaderoa” izenburu duen lana. Xabier Mendiguren editorearen esanetan, liburu «zirikatzaile eta dibertigarria» da, lehen pertsonan idatzitakoa.

Atzo Andoainen egindako agerraldi batean azaldu zituen Arrietak konfinamenduan zehar idatzi zuen liburuaren nondik norako nagusiak. Esan zuenez, adin ertaineko gizon baten bizitzan oinarrituta dago idatzi duen eleberria. Egun batetik bestera, Koldok, nobelaren protagonistak, guztia galdu eta zerotik hasi beharra du. Nobela bat idazteko eszedentzia hartuta duela, bere betiko andregaiak utzi egingo du, ganora eta konpromiso faltagatik, eta horra non, 44 urterekin, pizzak banatzen hasi beharko duen lanean, baita pisu konpartitu batean bizitzen ere. Covid-19aren ondoriozko konfinamendua ere pairatuko du. Bakarrik egoteko gai ez eta norbaitekin endredatu nahian arituko da, hiru emakumeren bueltan etengabeko dantzan: Nagore bere pisukide eder, gazte eta malenkoniatsua, Frida artista bizizale eta misteriotsua, eta Ester bere betiko neska-lagun amultsu eta zentzuduna.

 

«Komedia erotiko samarra»

Arrietak nabarmendu zuenez, “Gezurra berdaderoa” komedia bat da, «komedia erotiko samarra». «Umorez egina dagoen liburua da», adierazi zuen idazle zarauztarrak. Liburuan behar afektiboen inguruan sortzen diren frustrazioak aztertu dituela ere azaldu zuen. «Erakutsi nahi izan dut gaur egun gizonok daukagun noraeza sentimental, sexual eta existentziala», nabarmendu zuen eta aitortu bere helburua ez zela nobela bat idaztea. «Pentsatu nuen ipuin luze bat izan zitekeela, eta nahi gabe luzatu da eta nobela bihurtu da», gaineratu zuen.

Orain artean, ipuingintzan aritu izan da Arrieta. Bi ipuin bilduma ditu argitaratuak: “Txikira beti hordago!” (2004) eta “Alter ero” (2012).