Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Okupazioa luzatu eta Lurrama Arbonan antolatzea erabaki dute

Joan zen ostegunean iragarri zuten ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak «lehengo garaipena». 79 eguneko okupazioari esker Arbonako 15 hektareako lursailaren salmenta bertan behera gelditzea lortu zuten. Atzo jakitera eman zutenez lursailaren okupazioari urriaren 24an emanen diote amaiera, bertan Lurrama azoka antolatuz.

Arbonako 15 hektareako lursailaren salmenta espekulatiboa gelditzea lortu ondoren, bilera egin zuten astelehen arratsaldean ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak okupazioari zer segida eman erabakitzeko. Maryse Cachenautek atzo goizean Euskal Irratietan jakitera eman zuenez, ekimenean parte hartu duten herritarrekin eztabaidatu ostean, urriaren 24ra arte okupazioarekin jarraitzea erabaki dute. Gauzak horrela, 120. egunera arte luzatuko dute protesta Berruetako lursailean.

Horrekin batera, beste albiste bat ere eman zuen laborari itsasuarrak: okupazioari amaiera emanen dioten egunean, Lurrama herri laborantzaren azoka Arbonan antolatuko dute. Osasun krisia gertatu aitzin Biarrizko Irati erakustazokan egin zituzten Lurramako azkeneko edizioak, baina aurten azoka Arbonara eramateak logika osoa duela uste du Cachenautek, finean, bertan gauzatu den okupazioaren bitartez laborantza babesteko gogoa, «baita kostaldean ere» agerian geratu delako.

Lurrama elkarteak ere baieztatu zuen erabakia, ohar baten bidez, atzo arratsaldean. Agiri horretan elkarteak nabarmendu zuenez, «Arbonako borrokan azaleratu diren gogoetak Biarritzen udazken guztiz plazaratzen diren eztabaidak eta funtsezko galdera berak dira».

Horiek aletuta, «ama lurraren defentsa, elikadura burujabetza, klimaren desafioei aurre egiteko hurbileko laborantza elikatzaile baten mantentzea, eta tokiko politika iraunkor eta eraginkorrak bultzatzea» aipatu zituek bere oharrean Lurrama elkarteak.

Safer, balizko erosle «onena»

Iragan irailaren 9an, okupazioak 79 egun bete zituen egunean, protestari esker lursailaren salmenta espekulatiboa oztopatzea lortu zutela iragarri zuten ELB sindikatuko eta Lurzaindia elkarteko kideek Arbonan. Agerraldi horretan Dominique Amestoy erretretan den laborariak zehaztu zuenez, 3,2 milio euroan itxi zen salmenta operazioa bertan behera gelditu da «eroslea, Diane de l'Espee, erretiratu egin delako, betirako».

Cachenautek atzo defendatu zuenez, laborantzako lurrak Safer egiturak eskuratzea litzateke «irtenbiderik onena». Anartean, erakundeen sostengua bildu duen protestak tinko segituko du urriaren 24ra bitarte Berruetako lursail okupatuan.