GARA
Donostia

Metroaren inguruko EAJren eta PSEren isiltasuna kritikatu du EH Bilduk

Donostian metroaren obrek eragindako kalteak isilarazteko kaltetuei igorritako gutunen aurrean EAJko eta PSEko agintariek ez dutela ezer esan salatu du EH Bilduk. Sei egun pasa direnean isilik jarraitzen dutela nabarmendu eta Eneko Goiari aferaz hitz egiteko eskatu dio.

Donostian metroaren pasantearen obrek eragindako kalteak isilarazteko kaltetuei dirua eskainiz gutunak bidali ondoren, «obren arduradun politikoak ez dira oraindik gutunon edukitik eta erabilitako forma txarretatik desmarkatu», EH Bilduk atzo salatu zuenez. «Are okerrago, EAJko eta PSEko kargu politikorik ez da oraindik atera kaltetutako herritarrak defendatzera», gaineratu zuen koalizioak.

EH Bilduk gutun horiek joan den astelehenean salatu zituela gogoratu zuen, «bai gehiegizko klausulengatik, bai erabilitako moduengatik. Kaltetutako pertsonei gure babes osoa eskaini genien». Gainera, hainbat ekimen iragarri zituela esan zuen, administrazio publikoaren esku dagoen informazio guztia biltzeko, «eta publikoki interpelatu genituen inplikatutako erakunde guztiak horren inguruan iritzia eman zezaten, gutun horiekin ez dutela bat egiten adierazteko eta herritarrei azaltzeko zein izan den Eusko Jaurlaritzaren ardura gai honetan, ea gutunen elaborazioan parte hartu duten eta abar», gogoratu zuen.

Baina albistea NAIZek eman zuenetik sei egun igaro direnean, «obretako arduradunek isilik jarraitzen dute», kritikatu zuen EH Bilduk. «Inplikatutako erakunde publiko guztiek egin behar denaren kontrakoa egin dute. Lehenik, gardentasun ariketa demokratiko bat egiteari uko egin diote. Eta, bigarrenik, esplizituki uko egin diote prentsaren galderei erantzuteari. Gobernantza eredu hori errotik aldatu behar da. Herritarrek eskubide osoa dute administrazio publikoek beren dirua zertan gastatzen duten jakiteko, eta administrazioek kontuak emateko betebeharra dute».

Gauzak horrela, koalizio subiranistak metroaren obrak izaten ari diren eraginei buruzko «egia osoa» jakitea exijitzen jarraituko duela iragarri zuen. Ildo horretan, premiazko interpelazioa erregistratu du EH Bilduk, datorren asteleheneko udal batzordeetan aztertuko dena. Zehazki, Eneko Goia Donostiako alkateari gutunokin ez duela bat egiten aitortzeko eta kaltetutako herritarrei babesa adierazteko eskatu dio koalizioak.