Ion SALGADO
GASTEIZ

Gonzalez Placer, aitzindaria arte garaikidean animazioa erabiltzen

Artium Museoak Jose Felix Placerren «Etxegarai’ko Goti» erakusketa aurkeztu zuen atzo. Bertan, artista gasteiztarrak egindako animazio-bideoak ikus daitezke. Izan ere, arabarra aitzindaria izan zen animazioa erabiltzen euskal arte garaikidean. Artistaren familiak museoari dohaintzan emandako ondare oparoaren parte dira urtarrilaren 16ra arte erakutsiko diren obrak. Museoaren ondarearen «Zeru bat, hamaika bide» erakusketan erabilitako piezak kasu.

Artium Museoak Jose Felix Gonzalez Placer artistari buruzko “Etxegarai’ko Goti” erakusketa aurkeztu zuen atzo. Erakusketak artista gasteiztarraren ibilbidearen berri emango du, margolan, marrazki, obra grafiko eta, bereziki, animaziozko film laburren bidez. Euskal animazio zinemaren aitzindarietako bat izan baitzen gasteiztarra.

Gonzalez Placerren familiak Artium Fundazioari dohaintzan emandako artelan ondare oparoaren parte dira erakusgai jarriko diren obrak. Erakusketarekin bat, gainera, argitalpen bat ere plazaratu du museoak, Jesus Alcaide kritikari eta komisario independentearen saiakera bat oinarri hartuta.

Testu horretan azaltzen denez, nerabezaroan 60ko hamarkadako kultur testuinguruan hezi ondoren, «non kultura bisualak sedukzio masiboko tresna gisa sortzen baitzituen irudiak, Gonzalez Placer irudi horien erabilera aldatuz joan zen, margolan eta marrazkietatik hasi eta ‘Etxegari’ko Goti’ ezizenez, 1987tik 1991ra, egin zituen animazioetaraino».

 

Hiesaren eragina

Tamalez, atzoko agerraldian gogoratu zutenez, gazterik hil zen Gonzalez Placer, hiesaren ondorioz. Hala ere, ibilbide artistiko oparoa garatu zuen modu nahiko ezohikoan uztartuz artearen eta bizitzaren arteko binomioa. Esperimentazio teknikoak, hizkuntzak eta irudikapenak zuzeneko eragina izan zuten artistaren garapen pertsonalean, bere identitate sexualaren aitortzari eta ospakizunari dagokionez, baita, gerora, hiesarekin bizitzeko estrategiak eta moduak konfiguratzeko garaian ere.

Beatriz Herraez museoaren zuzendariak azaldu zuenez, Gonzalez Placerren lana bere garaiaren isla da, 80ko eta 90eko hamarkadetan izandako gertaeren isla, eta, nola ez, hiesaren agerpenak eragin handia izan zuen. Bere arrebak gogora ekarri zituen artistaren bizitzaren azken uneak, une gogorrak, gaixotasunaren menpekoak. Ildo horretan, Herraezek eta erakusketaren komisario Enrique Martinez Goikoetxeak datozen asteetan Gonzalez Placerren bizitzari buruzko jardunaldiak antolatuko direla azaldu zuten. Eta museoan gordetzen diren artxiboak ezagutzera emango direla.

Gonzalez Placerren familiak Artium Museoari egindako azken dohaintzari esker, izaera publikoko ondare kulturalaren osagai izango da, aurrerantzean, artistaren artelanen, zirriborroen, dokumentuen eta bestelako materialen sorta zabal bat. Horiek guztiak kontserbatu, katalogatu eta ikertuko ditu museoak eta horrek egilearen lan-prozesuen, ibilbidearen eta interesen ezagutza xehea ahalbidetuko du, baita bere ekoizpena garatu zuen garaiarena ere.

Hain zuzen ere, Artium Museoan dagoeneko gordailututako hogeita hamar obra inguruko multzoari gehituko zaio, orain, 150 piezatik gorako beste multzo bat, margolan, grabatu, marrazki eta filmek osatua. Horien artean, badira, halaber, hainbat garaitako zirriborroak; idatziak; storyboard-ak eta animazio-proiektuei buruzko oharrak; material zinematografikoa; ohar-koadernoak eta askotariko dokumentazioa biltzen duten karpetak, batzuk artista Leioako Arte Ederren Fakultatean irakasle izan zen garaikoak, haren azken urteetakoak, beraz.

Orain dohaintzan emandako obra horietako batzuk museoaren biltegietan daude 2006az geroztik, urte hartan haren marrazki, pintura eta bideo multzo adierazgarri bati buruz sinatutako gordailutze-akordio bati esker. Pieza batzuk hainbat erakusketatan erakusgai jarri izan dira jada, besteak beste “Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian” lelopean egindako erakusketan.