GARA
MADRIL

Inklusio Ministerioak «blokeaturik» dauka ABEEn luzatzea

Pandemiarekin lotutako enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteen (ABEE) luzapenen gaineko Gobernu espainolaren eta CCOO eta UGTren arteko negoziazioa «blokeatzen» ari dela ohartarazi zuten atzo sindikatuek, Inklusio eta Gizarte Segurantzako Ministerioa falta delako. Ministerioak etorkizuneko hobariak langileen formazioarekin erlazionatu nahi dituela azaldu zuten sindikatuek.

Osteguneko bileran ere ez zuen Jose Luis Escrivak zuzendutako Ministerioko inork parte hartu. Eta atzo Lan Ministerioko kideak, patronalekoak eta sindikatuak elkartu ziren, aldi baterako erregulazioak urtarrilaren 31ra arte luzatzeko helburuarekin.

CCOOeko iturriek agertu zutenez, ez dute aurrerapenik lortu Gizarte Segurantzako Ministerioak behin eta berriz huts egiten duelako bileretara. Ministerioari negoziazio mahaia «blokeatzen» aritzea leporatu zioten.