GARA
IRUÑEA

«Kalera Info» eta Kalera Kaleraren itxierak, Gasteizko Legebiltzarrera

gara-2021-09-24-Noticia

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu zuen atzo Gasteizko Legebiltzarrak “Kalera Info” aldizkaria eta Kalera Kalera webgunea ixteko agindua sala dezan, «adierazpen zein iritzi askatasunaren eta parte hartze politikoaren oinarrizko eskubideen aurkako Auzitegi Nazionalaren enegarren erasoa» dela uste duelako.

«Ez gaude fenomeno berri baten aurrean. Euskal Herrian Estatu espainolaren izaera antidemokratikoa pairatu izan dugu eta zentsura eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoak aspaldi ezagutzen ditugu; horregatik, uste dugu ordezkari politiko eta instituzional ezberdinok irmoki agertu behar dugula gertaeron kontra», adierazi zuen talde subiranistak.

Proposamenak Europar Batasunaren oinarrizko eskubideen gutuna betetzeko eskatzen dio Estatu espainolari eta, beraz, adierazpen, iritzi eta informazio askatasuna errespeta dezala. Halaber, Lakuako Gobernuari eskatzen dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen oinarrizko eskubideak defendatzeko eta horretarako beharrezkoak diren ekimen judizial eta politikoak abian jartzeko.

EH Bilduren iritziz, Auzitegi Nazionalaren erabakia «alderdi politiko baten [Sortu] jarduera komunikatiboaren aurkako erasoa da, informazio eskubidea urratu eta mugimendu politiko oso baten aurka jotzen duena».

«‘Kalera Info’ presoei eta bere ingurukoei eragiten dieten kontuez informatzeko argitalpen bat da, haiei eragiten dien auzi judizialen berri ematen duena, beraien ibilbide penitentziarioa egiteko interesekoa den informazioa eskaintzen duena eta presoen eskubideen alde egiten diren mobilizazioen berri ematen duena», gogorarazi zuen EH Bilduk prentsa ohar bidez.

Azken ostiraleko protestak

Hain justu, hileko azken ostirala izanik, bart mobilizazioak egin ziren presoen etxeratzea eskatzeko. 27 lagun elkarretaratu ziren Antzuolan, 60 Tolosan, 48 Lizartzan, 80 Zumaian, 40 Zaldibian, 74 Algortan, 25 Zuian, 65 Sopelan, 101 Pasai Antxon (Balbi Saenz Olarra presoaren amari omenaldia egin zioten), 32 Erromon, 103 Usurbilen, 97 Iruñean, 75 Villabonan, 25 Añorgan, 42 Deban, 54 Arrankudiagan, 34 Bakion, 25 Orion, 13 Ikaztegietan, 26 Orozkon, 43 Iurretan, 30 Getarian, 22 Usansolon, 57 Larrabetzun, 23 Anoetan, 26 Beasainen, 23 Elgetan, 9 Sondikan, 16 Asteasun, 46 Erandion, 34 Laudion, 10 Lekunberrin, 70 Lasarte-Orian, 48 Ugaon, 20 Arbizun, 98 Errenterian, 70 Durangon...