GARA
GASTEIZ

Txipen faltak ziurgabetasun egoeran ditu Michelinen Gasteizko langileak

Michelinen Gasteizko planta berriro geldituko da, sei egunez urrian eta beste egun batez azaroan, automobilgintzako txipen hornidura falta dela-eta. Geldialdiak 900 lagun ingururi eragingo die, kasik langileen herenari. 120.000 pneumatiko utziko dituzte egin gabe.

gara-2021-09-24-Noticia

Automobilgintzako erdieroaleen faltaren krisi globalak etengabeko ziurgabetasunean ditu Gasteizko Michelineko langileak, biharamunean lana izango duten ala etxean gelditu beharko duten zalantzan. Urrian beste zazpi egunez geldituko da lantegia eta 3.000 langileetatik 910 behargini eragingo die neurriak, ia herenari. 11 lan txanda eten eta 120.000 pneumatiko utziko dituzte ekoiztu gabe.

Enpresako iturriek azaldu zutenez, txipen gabeziaren eraginez ibilgailuen fabrikatzaileak gelditu egiten dira eta Michelinen ekoizpenaren %30-40 inguru eraikitzaile horiengana zuzentzen da. «Haiek gelditzen badira, guri ere eragiten digu eta gelditu egin behar dugu».

Egutegi malguak

Enpresak erantsi zuenez, halako kasuetarako hitzarmenetan adostutako egutegien malgutasunaz baliatzen dira. Horrek beharren arabera egunak «aktibatu edo desaktibatzeko» modua ematen die. Enpresak baieztatu zuenez, pneumatikoak fabrikatzen dituzten tailerretako talde batzuek lan egiteari utziko diote asteburu batzuetan, zehazki urriaren 16-17, 23-24 eta 30-31ko asteburuetan. Azaroaren 1ean ere geldituko dira. Baina, enpresak argitu zuenez, egun batean ere ez dute fabrika osoa itxiko.

Michelinek esplikatu zuenez, printzipioz, automobilgintzan aritzen diren 900 pertsona ingururi eragingo die neurriak, baina zenbakia alda daiteke eta ekoizpena gelditzen den egun bakoitzean ezberdina izango da langile kopurua, ezarritako egutegien arabera.

Iturri berek jakinarazi zutenez, Gasteizen ez bezala, Lasarte-Oriako Michelinen plantan ez dute gelditzerik aurreikusten, bertako fabrikan motorrentzako pneumatikoak egiten baitituzte nagusiki. 500 langile baino gehiago ari dira Gipuzkoako herriko lantegian.

Txipak edo erdieroaleak nanoingeniaritzako mirariak dira, memoriaren zelula ñimiñoak pilatzen dituzte gero eta kantitate handiagoetan. Lamina nanometriko hauek gure ile bat baino meheagoak dira, baina 40.000 milioi osagai ere izan ditzakete eta eragin ikaragarria dute munduko ekonomian.

Geopolitika arriskutsu bilakatu da erdieroaleen industria, bereziki AEBen eta Txinaren artean. Adimen artifiziala, mugikor sareak, konputazioa, industria militarra, espaziorako lasterketa... Horietan guztietan ari dira lehian eta teknologien oinarrizko osagaia dira txipak. Hauen eskaera handitzen ari da, hain justu pandemiak eta merkataritza gerrek hornidura eta balio kateak trabatu eta eskasia sortu denean. Kaltetuena automobilgintza izaten ari da. Horren erakusle dira Landabeneko Volkswagen, Gasteizko Mercedes eta sektore honentzat lan egiten duten hamaika euskal lantegi, Gasteizko Michelin kasu.