Maite UBIRIA

ELIKAGAIEN SEGURTASUNAREN ALDEKO URRATSA, LAPURDIKO HEGOALDETIK

Maiatzaren 3an, Biriatuko Udalak programa aitzindaria abiatu zuen tokiko kontsumoa sustatu eta hornikuntza arloko balizko gabezia prebenitzeko. Ekimenaren sustatzailea, Stephane Linou, Hendaian izan zen astelehenean, Locavore mugimenduaz hitz egiteko.

Lurraldearen antolaketan aditua den Stephane Linou geografoak duela urte batzuk ekin zion 150 kilometroren bueltan ekoitzitako elikagaiekin elikatzeari. Castelnaudaryko (Okzitania) bizilagunaren ekintzaren zentzua, 2008ko irailean hasi eta urtebetez luzatu zena, baliagarri izan zen frogatzeko, alde batetik, kontsumitu daitekeela, modu osasuntsuago eta seguruago batean, hurbilean; eta, bestetik, herritarrak ohartarazteko «elikagaien ekoizpen propioa %2ko kuotan finkaturik duten eta azalera handien edo banaketa-kateen menpe dauden hiri handiak izateak –Tolosa edo Montpellier, kasu– herritarrengan segurtasun eza sortzen duen politika onartzea» dakarrela.

2021ean, pandemia osteko garaian eta funtsezko gaiei eragiten dien krisi betean, produktu teknologikoen gabezia edota etxe bat mugiarazten duen energiaren prezio gorakada, “Résilience alimentaire et sécurité nationale” liburuaren egilearen proposamenak dimentsio berria hartzen du.

Estatu frantsesean Locavore mugimenduaren aitzindariak (tokikoa kontsumitu, elikagaien segurtasuna hobetzeko), autoedizioari esker argia ikusi zuen aipatu obraren bidez ohartarazi du «gure elikaduraren %70 eta %80 artean azalera handien esku utzi» dugula, «baita landa ingurunean ere, eta horrek arrisku larria dakar: logistikako edozein arazok, zibererasoek, banaketaren blokeoak, horniketa falta azkarra sortuko lukete».

«Herritarrei zirkuitu motzean elikatzen uztea segurtasun kontua da», baieztatu zuen Hendaiako solasaldian. Ideia horretan oinarritzen da kudeatzaile publikoen aurrean egiten duen lana. «Ez dago funtsezko ondasunen stock publikorik, eta hondamendi edo osasun krisi baten ondoren ere herritarrek ez dute baliabiderik zailtasunei aurre egiteko, kontrolik gabeko erantzunetan erori gabe; beldurrak edo frustrazioak inposatzen dira», azaldu zuen 2011n Audeko eskualde-kontseilari hautatu zuten Linouk.

Sustatzen duen mugimenduak aliatuak aurkitu ditu Ipar Euskal Herrian. Biriatuk, Solange Demarcq-Egiguren alkatea buru, joan den maiatzaren 3an erabaki zuen osoko bilkuran Locavore programarekin bat egitea, bertako hautetsiek horri buruzko prestakuntza jaso ondoren.

«Biriatuko herriak prestakuntza emateko eskatu zidan, eta programa abian jarri zen», laburbildu zuen Linouk. Pozik agertu zen Lapurdi hegoaldeko herri txikiak arriskuen prebentziorako plangintzan sartu duelako elikagaien hornikuntza hausteko arriskua. «Elikagaien ekoizpena berriz lotu behar zaio lurraldeari, birkonektatu behar da, baina, aldi berean, herritarrak arriskuei aurre egiteko prestatu behar dira», gaineratu zuen.

Hori izan zen Hendaian utzi zuen mezua. Euskal Mankomunitateak bultzatutako “Klima” egitarauaren barruko solasaldia izan zen, astean zehar Ipar Euskal Herriko beste zenbait herritan entzuterik izango dena.

Biriatuko hautetsiek bi ardatz landu dituzte dagoeneko. Alde batetik, sentsibilizazio lana jarri dute abian, eta horretan zeresan handia dute erakundeek –Euskal Mankomunitatetik bertatik hasita, jada klima plan bat eta elikadura subiranotasuna defendatzeko programa bat ezarrita baitira–, baina baita hondamendiak kudeatzeko ardura duten zerbitzu publikoek ere.

Bigarren lan ildo batean, Linouk zehaztu zuenez, tokiko programak babestu behar dira: zehazki, baratzeak sortzea –familiakoak edo komunitarioak– elikagai-erreserba propioak hobetzeko lehen urrats gisa, eta, era berean, ontziratzea eta produktuaren kontserbazioa sustatzea.