Maite UBIRIA
URRUÑA

«Gure lurra, gure jatekoa», Lurrama azokaren lema

Azkeneko urteotan Biarrizko Irati erakustazokan iragan den laborantza herrikoiaren azoka urriaren 24an eginen du Lurrama elkarteak. Hori bai, aurten Arbonako herrian izanen da hitzordua, ELBk eta Lurzaindiak ekainaz geroztik okupatu duten lursailean bertan. Are, azoka bereziak okupazioaren 120. eguna markatzeko balioko du.

Aurtengo Lurrama azokaren edizio berezia urriaren 24an iraganen da, Arbonan. “Gure lurra, gure jatekoa” izanen da laborantza herrikoia ohorean ezartzen duen azokaren aurtengo leloa.

«Hastapenetik Lurramak loturak sortzeko asmoa izan du, laborarien eta hiritarren artean, ekoizleen eta kontsumitzaileen artean», azaldu zuten atzo Arbonan Lurrama elkarteko kideek.

Joan zen ekainaz geroztik lursail bat okupatua dute ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak Berrueta izeneko eremuan. Lursailaren salmenta espekulatiboa bertan behera uztea lortu zuten irailaren hastapenean.

Pandemiaren testuinguruak ziurgabetasunak areagotu ditu, eta oinarrizko gaien inguruan eskasia gertatzeko lanjera gertutik sentitu ahal izan dutela herritarrek nabarmendu zuten atzoko prentsa agerraldian. «Horregatik, lurra babestu behar dugun baliabidea da», ohartarazi zuten Lurrama azokaren antolatzaileek.

Berruetako lursailaren okupazioa abiatu zutenetik behin baino gehiagotan nabarmendu dutenez, laborantzari egokituriko hektarea kopurua etengabe apalduz doa. Safer egiturak emandako datuen arabera Ipar Euskal Herrian 2015etik 2018ra 2.450 hektarea laborantza lur baino gehiago galdu dira.

«Uste dugu Euskal Herriak elikadura burujabetzara jo behar duela, baina horrendako lurra babestu behar dugu bere elikatzeko funtzioa bermatzeko, eta orain baino barazki, lekadun eta fruitu gehiago ekoiztu ahal izateko», gaineratu zuten Lurrama elkarteko kideek.

Aurtengo laborantza azoka bereziak, hain zuzen, Arbonako okupazioaren 120. eguna markatzeko balioko du. Izan ere, finean, borroka horren karietara aurrera eraman diren gogoetak «bat datoz Biarritzen udazken guztiz laborantza herrikoiaren azoka baliatuta plazaratuak izaten ziren eztabaidekin eta funtsezko galderekin».

Egun osoko egitaraua

Usaian bezala 10.00etan zabalduko da Lurrama azoka hautetsiak eta partaideak hartzeko harrera ekitaldiaren bidez. 10.30ean “Zein lur eta elikadura politika Euskal Herriarentzat?” izenburupean konferentzia eginen dute.

Ohiturari segituz egun osoan zehar familiendako eta herritar ororentzat gustagarriak diren animazioak proposatuko dituzte Arbonako lur sail okupatuan. Batzuk soilik aipatzeko, barazki, hesi eta zuhaitz landatze saioak eginen dituzte Euskal Herriko Laborantza Ganberako teknikarien begiradapean. Horrez gain, sagar tinkatzea eta ardi ile moztea bertatik bertara ikusteko aukera izanen dute bisitariek, besteak beste.

Era berean, etxalde txikia antolatuko dute lursailean, haurrek animaliak ukitzeko parada ukan dezaten.