Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Errautsak

Tenerife Iparraldeko aireportuko sabaia errautsez josita zegoen. Erabat estalita topatu genuen gure gainean eraikitako kristalera dena. Ezin kanpoaldeko deus ikusi, eta bertan jazotzen ari zenaren metaforarik onena zela iruditu zitzaigun. Fakturatzeko ilara luzean entzun daitezkeen elkarrizketak ez ikusiarena egin nahi duen jendarte baten adibiderik onena dira.

Bien bitartean, hor kanpoan, nonbait, boluntario batek oihalezko manta batean bildu ditu haur txiki baten ikarak eta beldurrak. Hotzak jota iritsi da eta, hari dardara kentzeko ahaleginetan, ipuin itxurako hitzekin azalduko dio sumendi bat zer den. Naturari beldurra har ez diezaion saiatuko da, baina ez da erraza izanen itsaso zabalari ikaratu gabe so egin ahal izatea. Fruta zatitu dio, zerbait jan ostean hobeto sentituko den itxaropenez, gehiegizko sufrimendua ikustera ohituta den hondartza batean bada ere. Akaso, platano bakar bat gosez hil diren hamar lagunen bizitzak salbatu ahal izateko nahikoa izan zitekeen.

Mantan bilduta eutsi nahiko lioke betiko haurrari. Ondo baino hobeto daki boluntarioak, behin manta horren babesa gainetik kentzen dionean, segurtasunik eza nagusi izanen dela bizitza txiki horrentzat. Ez dio azaldu nahi, ez diola soilik itsasoari beldur izan behar, lurra ere ez delako leku segurua bera bezalako haur txikientzat, dela Kanariar uharteetan, dela Ziburun.