GARA
PARIS

Eskuin frantsesak mugak itxi nahi dizkie migranteei

Estatu frantseseko eskuinak eta ultraeskuinak immigrazioari ateak ixteko proposamena jarri dute mahai gainean datozen hauteskundeei begira, migranteen iritsierak gelditzeko asmoz. Politikak gogortzea, hori bai, zuzenbide estatuaren kontra joan daiteke, eta, gainera, migrazio osoaren gutxiengo batean baino ez luke eraginik izango.

Eskuina eta ultraeskuina immigrazioaren kontrako neurri batean ados daude Estatu frantseseko presidentetzarako bozak egiteko sei hilabete falta direnean: migranteei mugak ixtea immigrazio politika guztiak birplanteatu bitartean. Ideia joan den udan bota zuen Michel Barnier Errepublikanoak alderdiko hautagaiak. Berehala, Batasun Nazionaleko Marine Le Penek «garaipen ideologikoa» aldarrikatu zuen, gainontzeko alderdiak ideologia ultraeskuindarra bereganatzen ari direla-eta.

Azken helburua immigrazioa oso-osorik gelditzea da. «Prozedura guztiak birplanteatzeko garaia da», adierazi zuen Michel Barnierrek, ikasleak eta asilo eskatzaileek ez dutela «zertan kezkatu» behar gaineratu arren.

«Immigrazioa gutxitu daiteke, baina erabat gelditzea ezinezkoa da oinarrizko eskubideak urratu gabe», nabarmendu du Serge Slama Grenoble-Alpeak Unibertsitateko zuzenbide konstituzionalean adituak. «Familiak batzeko immigrazioa bai lege europarrek bai frantsesek babesten dute: senitartekoekin bizitzeko eskubidea ezin da ukatu. Gure Konstituzioak asilo eskubidea ere bermatzen du», nabarmendu du. Pandemia baino lehen, 140.000 lagunek eskatu zuten asiloa Estatu frantsesean.

Lan immigrazioaren eta ikasle atzerritarren auziak ere hor daude. 2019an 40.000 bizileku baimen eman ziren arrazoi ekonomikoengatik Estatu frantsesean eta ikasleei beste 90.000 baimen eman zitzaizkien. Familiak elkartzeko baimenak, berriz, 12.000 izan ziren. Hain zuzen ere, horiek dira hasiera batean bertan behera utzi nahi direnak.

Teorian, langileen eta ikasleen immigrazioa oztopatzeko, beti da posible bisa gutxiago ematea legedia urratu gabe. «Baina mugetan askotariko egoerak izaten dira eta kontuz ibili behar dugu asiloa beharrezko duten pertsonak atzera ez botatzeko», ohartarazi du Tania Racho zuzenbide europarrean doktoreak.

Slamaren arabera, gaur egun Estatu frantsesari ez zaio interesatzen immigrazioa oztopatzea. Izan ere, «lan immigrazioa ez da oso garrantzitsua eta enpresen beharrak betetzen ditu», eta, ikasleekin, berriz, «unibertsitateek ospea irabazten dute». Gainera, «ikasle asko euren herrietara itzultzen dira ikasketak amaitzean». Hori bai, ohartarazpen argi bat ere egin du Slamak: «Mugak inoiz ez dira pandemia garaian bezain itxita egon eta orduan ere ez da immigrazioa erabat eten».

Kontuak kontu, proposamenaren aldeko hautagaiek Konstituzioa aldatuko dutela agindu dute, «europar arauek ezarritako mugak» gainditzea xede. «Europa indarrezko alkandora bat bezala ikusten dute hautetsi batzuek», azaldu du Rachok, baina argi du horrelako saiakerak bertan behera utziko dituela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. «Konstituzioak asilo eskubidea eta familiarekin bizitzeko eskubidea bermatzen ditu eta ezin dugu hori albo batera utzi», bat dator Slama. Adituaren ustez, gainera, immigrazioa benetan gelditzea baino, proposamenon azken xedea bikoitza da: «Pasquaren eta Sarkozyren politika gogorretara itzultzea» eta ideioi esker «hautatuak izatea».