GARA
GASTEIZ

Gasteizko hilketa matxista gaitzetsi dute herritarrek eta erakundeek

Gasteizko Sansomendi auzoan asteartean izandako hilketa matxista gaitzetsi zuten atzo, mobilizazio eta adierazpen instituzionalen bitartez. Bikotekide ohiak labanaz hil zuen Erika, eta, gero, bere buruaz beste egin zuen. Biak Mercedeseko langileak ziren, eta bertan ere deitoratu zuten hilketa. Gaur ere elkarretaratzeak egingo dituzte hiriburuetan.

gara-2021-10-13-Noticia

“Gasteiz: eraso matxisten aurka” lemapean, elkarretaratzea izan zen, atzo eguerdian, Plaza Berrian, astearte honetan Sansomendi auzoan izandako hilketa matxista salatzeko.

Gertakariak 07.20an jazo ziren, Antonio Machado kaleko etxebizitza batean, Arabako hiriburuko Sansomendi auzoan. 42 urteko Oscarrek 37 urteko Erika emaztea etxeko balkoi batean giltzapetu eta sukaldeko aizto batekin lepoa moztu zion. Ondoren, bere buruaz beste egin zuen aizto berarekin. Bikotearen bi semeak, 17 eta 13 urtekoak, etxebizitzan zeuden eta larrialdi-zerbitzuei deitu zieten.

Emakundek eta Udalak antolatutako mobilizazioan Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak parte hartu zuten. Gasteizko Udaleko Bozeramaileen Batzordea, bestalde, goizean bildu zen eta talde politikoek adierazpen instituzional bat adostu zuten hilketa matxista «irmotasunez» gaitzesteko eta «biktimaren inguruarekiko babesa eta hurbiltasuna» adierazteko.

Udalak «baliabide psikologiko, juridiko, sanitario, babeseko eta harrerakoak» jarri ditu bikotearen semeen eskura, eta Jarduera eta Erantzun Publikoaren Protokoloa aktibatu du.

Arabako Batzar Nagusiek ere gaitzetsi zuten hilketa matxista, eta mobilizazioetan parte hartzera deitu zuten. «Indarkeria matxista ez dira ekintza isolatuak; gure gizartea egituratzen duten jokabide esplizitu, mezu normalizatu eta sinbolikoen sare bat da, azken batean, emakumeak gizonen mende mantentzeko eta indarrean dagoen sistema heteropatriarkalak ezarritako mugak gainditzen dituzten gorputz, eredu edota portaerarik izan ez dadin», adierazi zuten ohar batean.

Arartekoak «atsekabe sakona» duela adierazi zuen, eta «erne» egoteko eskatu zien erakunde publikoei eta gizarteari oro har, «indarkeria bizi duten emakumeei laguntzeko eta krimen matxista berriak galarazteko».

«Matxismoak berriro hil du hiltzailearengandik banantzea erabaki zuen emakume bat. Egintza hori oso garrantzitsua da eta agerian jartzen du egoera bereziki zaurgarrian daudela esplizituki edo inplizituki genero-indarkeriaren mende bizi izanda, beren erasotzaileengandik banantzeko erabakia hartzen duten emakumeak», azpimarratu zuen Arartekoak.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta, mobilizazioa egin zuten 19.00etan Andre Maria Zuritik abiatuta. “Erasorik ez, erantzunik gabe” zeukan lelotzat mugimendu feministaren pankartak. Gaurko beste bana deitu ditu Hego Euskal Herriko gainerako hiru hiriburuetan: 19.00etan Donostiako Bulebarrean, ordu berean Bilboko Arriagan eta 20.00etan Iruñeko Udaletxeko plazan.

Mercedeseko langileak ziren

Erika eta bere hiltzailea Mercedeseko langileak ziren. Horregatik, Gasteizko lantegiko zuzendaritzak eta langile-batzordeak ekoizpena gaur 20 minutuz gelditzea erabaki dute, Erika lankidearen hilketa gaitzesteko.

«Gertatutakoak agerian uzten du oraindik bide luzea dagoela egiteko eraso matxisten aurkako borrokan. Bide hori konpromiso indibidual eta kolektibo argiarekin egin behar dugu», adierazten zuen Emilio Titos Mercedeseko zuzendari nagusiak eta Igor Guevara langile-batzordeko presidenteak sinatutako oharrak. Gainera, txanda bakoitza amaitzean, minutu bateko isilunea egin zuten. Elkarretaratzera deitu dute gaur fabrikako hiru sarreretan.